Laburbildu ezazu zuen ideia nagusia.
Ados gaude azken agintaldian gauzak nola eraman diren baloratzeko garaian. Argi dago zer egin den, eta zeini esker. Bloke bat egon da gauzak egin nahi izan dituena eta horiek adostasuna lortu dute. Beste alderdi batek, aldiz, ez du batere borondaterik erakutsi ezer egiteko. Beti ezezkoan egon dira, eta egindako akatsak estaltzeko argudio faltsuak erabili dituzte. Gure ideia orain arte landutako bidetik jarraitzea da.
Urnietan ez dago gehiengo osorik, eta egia esan nahi ere ez. Aniztasuna dago, eta horrek akordioetara iritsi beharra dakar. Azken urteetako akordio politika zabalari jarraipena emango genioke.
Alkate izanez gero, zuek proposatzen dituzuen artean martxan jarriko zenituzketen hiru neurri aipatu.
Hezkuntza kanpusa ezinbestekoa da, 0-16 urtekoek toki berean ikas dezaten. Urnieta herri erakargarri bilakatu behar dugu, herri lasaia da baina bizitasuna eman behar diogu. Mugikortasunari benetan eustea ezinbestekoa da, bereziki Idiazabal kalean. Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren bitartez hori garatu beharko da ahal den neurrian. Oztopo arkitektoniko ugari dagoela, kexa hori jaso dugu. Osasun etxe berrian pediatria zerbitzua ekartzen ahaleginduko gara. Zail izango da baina zerbitzu hori eskatuko dugu. Merkatua berrindartzen ahaleginduko gara. Baserritarren produktuen salmenta sustatuko genuke, eta baita merkatari txikiei bultzada ematen saiatu.
Urnieta erakargarri egin behar dugu.
Autokritikak ere tartea izan beharko du.
Gu berriak gara baina nire iritzi pertsonala eman diezazuket. Udal konposizioa ikusita, dagoen aniztasuna ikusita, gauzak egin behar diren bezala egin dira. Akordioetara iritsi dira ezberdinen artean. Antzera jarraitu beharko litzateke.
Agintaldi berriari begira, nola imajinatzen duzu herria lau urte barru?
Urnieta erabat aldatu da. Gure garaian ekimenak antolatzeko mila oztopo genituen, gure sua itzali zuten arte. Orain Poxta Zahar eta beste elkarteek egin dutena ikusita, Urnieta goitik behera aldatu da. Jaietan dagoen giroa ikustea besterik ez dago. Aldaketa positibo hori areagotzen lagunduko dugu.
Lau urte barru etxebizitza arazoari irtenbidea eman beharko genioke, gazte jendea bertan gera dadin. Plan Orokorra onartzean, gazte jendeari herrian geratzeko motiboak eman behar dizkiogu.
Logela herri bat garen etiketa hori gainetik kentzea nahiko nuke. Erakargarria izatea lortuko bagenu, neu konforme.
Zein da zure alderdiak eskaintzen duen bermea edo garantia?
Gardentasuna. Zintzoak gara, ez dugu inolako protagonismo asmorik. Herriaren zerbitzura gaude. Garrantzitsua da herritarrek barneratzea ahal izan duguna egin dugula. Zintzo eta umil, jakin badakigu akatsak egin ditzakegula eskarmentu handirik ez dugulako. Alkatetza eskuratzen badugu pazientzia eskatuko nuke. Ziur egon daitezela azpijokorik ez dugula egingo. Gardentasunez jokatuko dugu.
Urnietako Plan orokorra: Hutsetik hasiko zarete edota agintaldi honetan eglndakoa kontutan hartuko duzue?
Hainbeste urte eta gero, ezingo genuke atzera egin. Hezkuntza gunea, etxebizitzak, industrigunea, kiroldegia... horiek garatu behar dira ahal den neurrian.
KATE MOTZEAN
Herriko gustuko txokoa: Aballarri eta Adarra arteko Manttaleko zabala. Herrian, San Juan plazako giroa udaberrian.
Urnietar bat: Iñaki Aranzadi apaiza.
Faltan somatzen duzuna? Legez kanpo utzi dituztenak.
Eta soberan? Erdara gehiegi entzuten da, batez ere gazteen artean.
Maiatzaren 23an? Beste alderdiekin elkartu, eta lanean hasi.