Noiz eta nola hasi zinen trinketean jolasten?
Julen Loitegi. Kadetea nintzela trinketeko txapelketa bat antolatu zuten eta Urnietan lehen trinketean ibiltzeko ohitura handia zegoenez, trinketean proba egitea erabaki nuen.
Zergatik erabaki zenuen trinketean aritzea eta ez beste kirol batean?
J.L. Trinketean aritzea beti iruditu zait dibertigarria. Teilatuarekin jolasten da eta horrek dinamikoago egiten du jolasa. Frontoiarekin alderatuz oso ezberdina da, jolasteko aukera gehiago ematen duela uste dut.
Aurten sekulako emaitzak lortu dituzu. Larunbatean GRAVN txapelketaren garaile suertatu zinen, Gipuzkoako bakarkako txapelketa ere irabazi zenuen. Emaitza horiek espero al zenituen?
J.L. Gipuzkoako txapelketan ez nuen espero. Ezkerreko eskuarekin nahiko gaizki ibili nintzen, ireki egin nuen eta zortzi puntu eman zizkidaten. Eskuinarekin final-laurdenak irabazi nituen eta hortik aurrera nahiko ondo jolastu nuen.
GRAVN txapelketaren lehen partida galdu egin nuen 9-35, urduritasunagatik edo blokeatuta aritu nintzen. Baina hobetzen joan nintzen eta lehengo larunbateko finalean sekula baino hobeto jokatu nuen.
Honek guztiak entrenamendu asko eskatuko du …
J.L. Bai, beti ere frontoi normalean astearte eta ostiraletan entrenatzen dut. Batzuetan trinketean entrenatzen dut. Gero, GRAVN txapelketa hasi zenean asteazkenetan Gipuzkoako entrenatzailearekin joaten ginen. Astearteetan ordu eta erdi entrenatzen dut eta ostiraletan partiden arabera. Bestela, nire kontu Urnietako plazako frontoi txikian lagun batekin ere aritzen naiz.
Larunbatean Iruñean izan zinen GRAVN txapelketako finala jokatzen eta gainera, irabazi egin zenuen. Zer nolako partida izan zen?
J.L. Partida dibertigarria izan zen. 10-3 hasi ginen nire alde, gero 18-7, 21na berdindu genuen eta bukaeran atzean utzi nuen.
Zure hurrengo erronka Euskal Herriko binakako txapelketa da. Zein emaitza lortzea espero duzue?
J.L. Aritz Lizaso urnietarra izango da nire bikotea. Bikoteka zailagoa iruditzen zait, gutxiago jolastu dudalako. Astigarragakoak eta bizkaitarrak oso jokalari onak dira. Hala ere, nahiko ondo ikusten dut nire burua. Eskuetatik ondo nabil.
Etorkizunera begira trinketean ikusten al duzu zure burua?
J.L. Zaila ikusten dut etorkizuna. Trinketean Iparraldekoak izaten dira profesionalak. Ahal dudan bitartean trinketean jarraituko dut eta gero gerokoak.