Zenbat jende bildu zen lehengo astean Lekaio Kultur Etxean egin zen bileran?
Ainara de Miguel. 24 pertsona bildu ginen, baina pertsona batzuk ezin izan zuten etorri nahiz eta elkartearen parte izateko interesa adierazi. Hurrengo egunetan galdetzera gerturatu ziren. Gutxi gorabehera 30 pertsonak adierazi dute elkartearekiko interesa.
Zer nolako giroa nabaritu zenuen bileran?
A.M. Orokorrean oso animo baikorrarekin ikusi nituen bertara hurbildu zirenak. Negozioa ireki berri dugun hainbat pertsona bildu ginen. Berriak garenok irrika horrekin gabiltza. Urnietan ostalariak eta merkatariak elkartzea beharrezkoa dela uste dut. Jende gehiago prest dagoela ikusteak gogoa piztu duela iruditzen zait.
Bileran, negozioa aspalditik dutenak ere izan ziren eta ekarpen handia egin zuten. Egia da bakarren batzuk zalantzak dituztela, aurreko urteetan ere elkartea osatzen saiatu zirelako eta azkenean ez zutelako aurrera egiterik lortu. Baina orain dinamizazio bulegoarekin lanean ari garela aipatu beharra dut. Hernaniko merkatari eta ostalaritzako kideak ere bileran izan ziren eta horrek motibatu egin gintuen. Hasieran ez genekien zein onura zeuzkan elkarte bat osatzeak, baina beraiekin hitz egin eta gero, eta hainbeste onura ikusita, gogoa piztu zitzaigun.
Zergatik erabaki zenuten Ikasminekoek elkarte honetan parte hartzea?
A.M. Ni kanpotik etorri naiz, Leitzatik hain zuzen; eta orain hemen bizi naizela argi dut. Nire familiak hemen hazi behar du eta herri honi bizia eman behar diodala iruditzen zait. Gainera, nire negozioa hemen jarri dut. Urnietan ez dago nire ekonomia bakarrik, nire semearen etorkizuna ere hemen dago. Bakarrik inora ez noala argi ikusten dut eta beste negozioak ez ditut konpetentzia bezala ikusten, taldekideak bezala baizik.
Nire ondoan kafetegi bat eta taberna bat baldin badaude hobe utzi denok elkarlanean aritzen bagara, askoz hobe. Nik ez dut bakarkako funtzionamenduan sinesten. Bizitzan zehar beti ikusi dut taldeko funtzionamenduak onura handiagoa dakarrela.
Elkartea sortzeko prozesuan zaudetenez, laguntzarik jaso al duzue?
A.M. Garrantzitsuena hastea da, eta hasten bagara, jarraitzeko bidea aurkituko dugu. Elkarte hau osatzeko dinamizazio bulegoak asko laguntzen digu, diru laguntzak lortzen lagundu eta formazioa ere eskaintzen digu. Elkartea sortzeagatik bakarrik, ekintzetarako diru laguntzak edukiko genituzke. Gainera, ekintza horietan laguntzeko pertsona bat dago, Iñigo Martinez, merkataritza dinamizaziorako bulegoetako ekimeneko teknikaria. Zozketa bat sortuko bagenu, hileko kuota batengatik publizitatea izango genuke eta publizitateak dirutza balio du. Feria bat antolatuko bagenu eta kanpoko jendea hurbilduko balitz, askok gure negozioa ezagutuko lukete. Elkarteak berak web-gune bat osatzeko aukera izango luke,...
Urnietako merkatari eta ostalarientzat onuragarria izango dela uste al duzu?
A.M. Urnietak antza denez, garai hobeak eta okerragoak ere izan ditu. Badirudi negozio ugari itxi egin zituztela azken urte hauetan; baina orain dinamika aldatu egin da eta negozioak irekitzeko joera sortu da. Etxeberriko plazak bizia eman dio herriari. Urnietan errealitate bat dago eta azken urteotan biztanlerian sekulako hazkundea izan da, hazkundea gazte jendeari esker gertatu da. Gazte jendea Urnietan gera dadin lortzen badugu, Urnietarentzat onura handia izango da. Gainera, ume berri pila bat dago, bikote gaztez bete delako Urnieta. Jendeak Urnietan alkandora bat eros dezan, hemen orraztu dadin eta hemen ikas dezan lortzen bada, Urnieta izugarri haziko da; eta ez bakarrik populazio aldetik.
Elkarte honi esker zer lortzea espero duzu?
A.M. Batetik, gu izan ginen dinamizazio bulegoarekin harremanetan jarri ginenak elkarte baten beharra nabaritu genuelako, eta ez genuen bakarrik hasi nahi. Jendearekin elkartu nahi genuen, eta jendea ezagutu. Beraz, lehenengo bultzada hori gure ahotik atera zen. Eta hemendik aurrera behar den lan guztia egiteko prest gaude.
Jendea gogotsu eta indarrez ari al da lanean?
Printzipioz, oso apustu polita ez ezik, jendearen erantzuna ona izan da. Ezagutzen ez nauen jendearengana hurbildu naiz eta ehuneko laurogeiak oso erantzun baikorra eman dit, ezezkoak edo zalantzazkoak gutxienekoak izan dira. Ezagutzen ez duzun norbaitengana gerturatzen zara ate joka eta zuzenean lan egiteko prest azaltzen dira. Jendea prest ikusten da eta jendearen jokabidea oso baikorra da orokorrean.
Biharko bilera berria antolatu dugu; beraz, oso adierazgarria da hori. Etorri ez zen jendea ere animatu nahiko nuke, behintzat informa daitezen. Jakinda parte hartu nahi ez izatea, ados; baina ez jakiteagatik parte ez hartzea pena izango litzake. Horregatik, herri guztian zehar kartelak jarri ditut, negozio batzuek kartelak hartu dituzte eta beraiek ere banatu dituzte. Ahalik eta jende gehienarengana hurbiltzen saiatu gara.
Garrantzitsua da Udala gure alde dagoela adieraztea. Udalak elkarte bat eratzeko beharra dagoela uste dut. Urnieta ez da bakarrik Udal zerbitzu bat, zerbitzu pribatuak ere beharrezko direla badaki Udalak. Hala nola; ostalaritza, bestelako zerbitzuak… Denetik behar da. Zenbat eta gauza gehiago egon Urnietan orduan eta jende gehiago geratuko da.
Oraingoz faktoreak gure alde daude eta horrela jarrai dezala espero dut.