Goxatzeko errezetak

Kalabazinezko espagetiak Maddi Etxeberriaren eskutik

Maddi Etxeberria 2020ko ira. 4a, 12:02

Gaurkoan Maddi Etxeberria larrauldarrak kalabazinezko espagetiak egin ditu; errezeta osasuntsua eta dieta beganora moldatuta.

Osagaiak (2 lagunentzat):

  • 480 gramo kalabazin
  • Kipula more bat
  • Aza gorri txiki bat (120-150 gramo)
  • Baratxuri ale bat
  • Lau koilarakada olo esne (edo azukrerik gabeko edozein esne)
  • Gatza
  • Oliba olioa

Nola egin:

  1. Saltsa egiteko, aza gorria, kipula eta baratxuria zatietan moztu eta irakiten eduki gatz apur batekin, erabat bigundu arte.
  2. Bigundutakoan, ura kendu eta olo esnearekin ondo ondo irabiatu.
  3. Saltsa gorde.
  4. Kalabazinarekin espagetiak egiteko, badira espreski horretarako diren etxetresnak. Nire kasuan, ordea, patatak zuritzeko gailuarekin egin ditut; goitik beherako xerrak ebakiz eta hauek finago egiteko labana erabiliz.
  5. Kalabazinezko espagetiak prest daudenean, zartagian olio tanta pare bat bota eta berotutakoan kalabazina erantsi.
  6. Su altuan hiruzpau minutuz eduki, gatz apur batekin, berde kolore bizia hartu arte.
  7. Sutatik kendu, platerean zerbitzatu eta saltsa erantsi.

Barazkiak jateak etengabeko borroka izaten jarraitzen du etxe askotan, gaur egun ere. Tradizionalki sukaldatu diren platerak soilik ezagutzeak eta barazkiak erosterakoan hartutako monotoniak,  aspergarriak eta dastagarritik gutxi duten platerak kontsumitzera eraman gaitzake, eta horrek, barazkien kontsumoa ekiditera. Uste dut, gaur egun guztiok garela kontziente zeinen garrantzitsua den barazkien kontsumoa; zenbaterainoko onurak dakartzan osasunerako. Hala ere, egia da kosta egiten dela oraindik.

Gaurko platera, barazkiz soilik egina dago. Aipatu behar dut, ez dela otordu oso bat izango, eta plater hau karbohidrato eta proteinez laguntzea gomendatzen dela, baina ez esan ez dela erakargarria! Kalabazinak ur asko dauka eta baita zuntza ere, honek, asetasuna emango digu. Horretaz gain, bitamina eta mineral ezberdinetan aberatsa da; hala nola C bitamina, B3 bitamina, fosfotoa, potasioa, magnesioa eta kaltzioan.

Beraz, badakizue, experimentatu, probatu saltsa ezberdinak, eta jolastu barazki ezberdinekin! Eta hurrengo aldian pasta prestatzen duzuenean, zergatik ez duzue aza gorriaren saltsarekin probatzen?

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!