Larraulgo haurreskola martxan da berriz ere

Ainhoa Gil 2020ko abe. 9a, 07:52
"Herrian bertan gisa honetako zerbitzua eduki ahal izatea gauza handia da”, azpimarratu du Arrate Iturbe gurasoak.

Bost urtetako etenaldiaren ondoren, Larraulgo haurreskolak ateak ireki ditu berriro ere.
Udalaren eta Guraso Elkartearen arteko elkarlanak ahalbidetu du ekimena, baita herritarren artean egindako auzolanak ere

Larraulgo hainbat gurasoren kezka eta beharra zen haurreskola zerbitzua herrian bertan izatea. Bide polita osatu dute helburu hori egi bihur zedin. “Haur txikien gurasoon premia zen herrian bertan haurreskola izatea. Udalarekin eta Haurreskolen Partzuergoarekin hitz egin ondoren jakin genuen baldintza nagusia betetzen genuela; hiru haur behar genituen Larraulgo haurreskola berriz martxan jarri ahal izateko. Baldintza hori beteta, pausoak ematen hasi ginen”, azaldu du prozesua bizi izan duen Arrate Iturbe gurasoak. 

Maite Arana Larraulgo alkateak ere oso gertutik bizi izan du haurreskola berriz irekitzeko bidea: “Guraso talde bat gerturatu zen Udalera, euren nahia azalduz. Haurreskola zabalik izatea oso proiektu estrategikoa da Larraul bezalako herri txiki batentzat eta guk bat egin genuen gurasoen asmo eta nahi horrekin. Nolanahi ere, oso urte berezia doa aurtengoa, eta Udalaren baliabide ekonomikoak ez dira handiegiak. Guztiok genuen haurreskola irekitzeko gogoa, baina Udalak bakarrik ezin zion aurre egin”.

Inbertsioa, erdibana

Lurra aldatzeak eskatu zuen inbertsiorik handiena, eta Udala ez zegoen gastu osoari aurre egiteko moduan. Maite Arana alkateak eman ditu azalpenak: “Guraso elkarteak eta Udalak ordaindu dugu, erdibana, lurraren eraberritzea. Gainerako materialeak Udalak erosi ditu, eta herritarren artean egin dituzte beharrezko lan guztiak”. 

Abuztuan, auzolanean aritu ziren lanean. Arratek azaldu duenez, “bi astez edo, arratsaldetan elkartzen ginen lan ezberdinak egiteko. Haurreskolako erabiltzaileak izango garen familiak ez ezik, guraso elkarteko kide asko ere gerturatu zen lanerako gogoz. Oso eskertuta gaude. Jendeak oso bere sentitu du proiektua eta oso polita izan da haurreskolaren inguruan sortu den giro goxo hori. Euren umea hona ekarri zuten guraso batzuk ere gerturatu dira laguntzera”. 

Bide aberasgarria

Haurreskola irekitzeko prozesuak bide burokratikoa ere behar izan du, noski. “Uste baino errazagoa izan da hori. Baldintza nagusia, ume kopuruarena, ondo betetzen genuen eta gainerantzean, ez da prozesu luzea izan”, azpimarratu du Arratek. Maite ere iritzi berekoa da: “Oso ondo joan da guztia. Ez dugu arazo handirik topatu bidean”. 

Dagoeneko zabalik

Baimenak lortuta eta egoitza behar bezala atonduta, azaroan zabaldu ditu ateak Larraulgo haurreskolak. Egun batzuk lehenago etorri zen bertara Amaia Guedea hezitzailea. “Gasteizko haurreskola batean ari nintzen lanean. Oso gustura ari nintzen, baina beasaindarra naiz eta aldaketa eskatu nuen, gertuago egin nahi nuelako lan. Larraulgoa eskaini zidaten eta asteburu batean etxekoekin etorri nintzen, tokia ikustera. Baiezkoa eman nuen zalantzarik ere egin gabe”.

Haurreskola egokitzen pasa zituen bere lehen lan egunak, haurrik gabe. “Haurreskola txikia da, oso polita. Lehen egunetan materiala atera eta prestatzen aritu nintzen. Gurasoak ere gerturatu ziren euren haurrekin eta lehen hartu-emana izan nuen haiekin. Prestaketak eginda, martxan jartzea besterik ez zen geratzen”.

Azaroa hasieran zabaldu zituen ateak Larraulgo haurreskolak. Egokitzapena egin zuten haurrek lehen egunetan eta dagoeneko ohiko martxan ari dira. “Oso giro goxoan egoten gara. Haur gutxi dira eta horrek elkar-goxatzeko aukera ematen du. Tokia ezagutzeko, materiala erabiltzeko eta elkar ezagutzeko erabili ditugu lehen asteak eta orain martxan gaude dagoeneko”. 

Ordutegi zabala

Ordutegi zabala eskaintzen du gainera Larraulgo haurreskolak. “Goizeko 07:30etan zabaltzen ditugu ateak, eta 15:30ak arte zabalik egoten gara. Lanera joan behar duten gurasoei ahalik eta ordutegirik zabalena eskaintzea da gure asmoa”.

Haurreskola zabaltzeko prozesua aberasgarria eta polita izan dela azaldu du Arratek: “Oso pozik eta eskertuta gaude. Guraso elkarteko kideek, Udalak… oso jarrera ona izan dute guztiek haurreskola zabaltzeko. Auzolanean sortu zen giro hori ere oso eskertzekoa izan zen. Harreman politak sortu dira bide honetan”.

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!