Jarraipen handia kultur jardueretan

Irune Alfonso 2021ko abe. 4a, 11:38
“Abezedario Titirijario” izeneko ipuin kontaketa saioa, Igerabiderekin

Hilabete amaiera indartsua Larraulen; literatura, musika, tailerrak... Egitarau oparoa osatu dute aurtengoan

Azaroaren 22an hasi eta azaroaren 28ra bitarte, egunero-egunero ekitaldiak antolatu dituzte Larraulen, zazpi egunetan herriko hainbat txokotan kulturaz gozatzeko eta ikasteko aukera izan dute. Herriko haurrekin hasi da aste kulturala, izan ere, Juan Kruz Igerabide idazle adunarrak “Abezedario Titirijario” izeneko ipuin kontaketa saioa eskaini zuen liburutegian. Literaturak izan du bere pisua aste honetan, lehenengo egunaz gain, beste bi egunetan ere izan baitu bere lekua. GarbiÒe Larrea Urnietako idazleak “Sendabelarrek dakitena” liburua aurkeztu zuen eta herriko irakaslea den Koldo Rabadan Izagirrek, aldiz, “Bidean” liburuarekin jarraipena eman zion. Beraz, literaturaz gozatzeko momentua eduki zuten, baita ikasteko eta hausnartzeko tartea izan ere. Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna tartean, “Evaren alabak” antzerki ibiltaria antolatu zuten herrian zehar. Antzezlan horrek, emakumeen aurkako indarkeriaren gaia du hizpide, eta egunerokotasunean hitz egiten ez diren gaiak jartzen dituzte “oholtza” gainean, kasu honetan, kalean. Gainera, Yolanda Mazkiaran emakumearen “Anderea” dokumentala ere ikusgai izan zen; Mari pertsonaia mitologikoari buruz dagoen ezagutzan sakontzen du, Euskal Herriko hainbat adituekin lan eginez. Azkenik, belarriak goxatzeko aukera izan zuten herrian musikaren bitartez, “Erik eta Win” ikuskizunaz gain, “Velutine” emanaldiarekin amaiera eman baitzioten kulturaz beteriko aste indartsuari.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!