Urnietako kirolarien asteburu borobila

Andoni Urbistondo 2019ko eka. 17a, 19:59

Tolosako mendi tratloian zortzigarren izan da Igor Amantegi, eta Unai Lizeagak Juanma Garate zikloturista lasterketa irabazi du.

Urnietako kirolariek emaitza onak lortzen segitzen dute parte hartzen duten tokietan. Igandean korritu zen Tolosako mendi triatloian, maratoian, Igor Amantegi 8. Postuan sailkatu zen, 42 kilometro pasatxoak 4 ordu eta erdian beteta. Beste zazpi urnietarrek lortu zuten proba bukatzea. Maratoi erdian, aldiz, Eñaut Aiertzak eta Jonathan Lopezek lortu zuten helmugara iristea.

Proba bukatze hutsa arrakasta handia izan zen Mikel Legarreta eta Ibon Zabalarentzat (Hernaniko semea, Zabala). Travesera ultra trail-a osatzea lortu zuten Asturias-en, 74 kilometro eta 6.500 metroko desnibel positiboa. Bikoteak 16 ordu eta erdi behar izan zituen lasterketa osatzeko. Zabalak esan moduan, “lehen 50 kilometroak nahiko ondo, eta geratzen zirenak halamoduz”.

Eta Irunen, Juanma Garate zikloturista proban, Unai Lizeaga helmugaratu zen aurrena, Lizeagak berak postu horri garrantzia kendu nahi izan badio ere.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!