Asteburu gazi-gozoa Urnietako senior mailako eskubaloi taldeentzat

Mikel Arberas 2019ko aza. 13a, 18:24

Eskubaloiko emakumezkoen taldeak ez du porrota ezagutu denboraldi honetan, eta Egiarekin batera txapelketako buru jarraitzen dute zortzina punturekin.

Eskubaloiko emakumezkoen Senior mailakoek laugarren partida irabazi dute jarraian eta lehengo postuan jarraitzen dute Egiarekin batera; aurtengo denboraldian oraindik ez dute partida bat bera ere galdu. Oraingoan 21-25 irabazi du Urnieta Quel Abogados taldeak Munttarperen aurka. Garaipena urnietarrek egindako lan guztiaren emaitza da, eta lan hori egiten ari diren denboraldian islatzen da.

Urnieta Artola Harategia, berriz, denboraldi zaila du aurretik. Urnietarrek ez zuten aukerarik eduki lehenengoa zihoan Indupime Basauri taldearen aurka, 33-15 emaitzarekin. Urnietako taldeak partidako lehen minutuetan soilik eutsi zion markagailuari; 10. minututik aurrera bi taldeen arteko ezberdinastuna areagotzen hasi zen. Gauzak horrela, urnietarrek hurrengo partidari begiratu beharko diote, azkena doan Gure Auzune taldearen aurka jokatuko baitute.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!