Gorritxoak garaitezinak dira

Mikel Arberas 2019ko abe. 14a, 07:50
Uxue IbaƱez, Irati Zinkunegi eta Alazne Conde Urnieta Quel Abogados eskubaloi taldeko jokalariak.

Zazpi partida irabazi dituzte jarraian eta zortzigarren garaipenaren bila joango dira, igande honetan (12:00). Eguberrien atarian, berriz, lehen sailkatua den Egiaren aurka arituko dira. Partida garrantzitsua izango da, lidergotza jokoan izango baita.

Urnieta Quel Abogados emakumezkoen senior mailako taldea denboraldi bikaina egiten ari da. Zazpi partida irabazi dituzte jarraian eta zortzigarrenaren bila joango dira asteburuan Urolaren aurka jokatuko duten partidan. Senior taldea bigarren postuan dago, Egia taldearekin berdinduta.

Uxue Ibañez, Alazne Conde eta Irati Zinkunegi dira denboraldi bikaina egiten ari diren jokalarietakoak. Urteak daramatzate elkarrekin jokatzen. Uxuek eta Alaznek, andoaindarrak izanik, Andoaingo Leizaran taldean jokatun zuten. Taldea osatzeko jende nahikoa ez zegoela eta, Urnietako UKE taldera igaro ziren. Irati Zinkunegi, aldiz, taldeko beteranoa da: "Eskola kirolean eskubaloia eta futbola egiten da Urnietan. Nik argi nuen eskubaloia nahi nuela, nahiz eta kuadrilako gehienak futbolean jokatu. Dagoeneko hamaika urte daramatzat gustuko dudan kirola egiten".

Talde berritzat jotzen dute Urnietakoa, baina giro falta ez dagoela adierazi dute hirurek. "Taldetik ez nuen inor ezagutzen, baina oso ondo moldatzen gara, giro oso ona dago. Eskubaloi arlotik kanpo ere giro ona dagoela uste dut, afariak eta bazkariak egiten baititugu. Oso gustura nago", dio Ibañezek.

Urnieta Quel Abogados taldea berria da, pasa den urtean ez baitzuten senior mailako taldea osatzea lortu. Aurten, ordea, Andoaingo Leizaran izan da taldea osatzeko jokalariak bilatu ez dituena. Gauzak horrela, bost andoaindar joan ziren irailean Urnieta aldera. Alaznek adierazi duenez, "entrenatzaileak urnietarrak eta andoaindarrak nahasten ditu taldean. Horrela, taldea batuago dagoela uste dugu".

Denboraldi bikaina

Zazpi partida irabazi dituzte jarraian, eta estatistika horiekin sailkapenaren gaikaldean daude. Egiarekin buruz buru dira. Maila altua erakusten ari dira eta arrazoiak asko izan daitezke. Hauexek, jokalarienak: "Gainontzeko talde gehienak oso gazteak dira, eta 23 urtetik gorako jokalariak taldean edukitzea aberasgarria da. Dena esatera, aurten talde berri asko sortu dira: Eibarrek Tolosakoekin taldea atera du, Txingudik ere lehen aldiz osatu du taldea... Jokalariak oso gazteak dira eta, seguruenik, esperientzia gabekoak".

Taldearen lan ona ere azpimarratu dute, "partidak ondo planteatu dira eta norgehiagoka batzuk sufrituta irabazi ditugu. Horrez gain, asko animatzen diogu elkarri eta, horrek, markagailua aldarazteko gaitasuna ematen digu. Entrenatzaileak beti esaten digu partidak borrokatu egiten ditugula".

Hasiberriak izatetik, igoerarekin amestera

Denboraldiaren hasieran Urnietako eskubaloi taldearen aurreikuspenak urriak ziren. Taldea osatzeko hamar kide soilik batu ziren. Andoainen egoera antzerakoa zen, "taldean 7-8 jokalari soilik geunden. Hala ere, aurredenboraldia egiten hasi ginen, baina taldea osatuko ez zela ohartu ginen. Beraz, Andoainen entrenatu beharrean, zuzenean Urnietara joatea erabaki genuen", oroitu du Uxue Ibañez andoaindarrak. Hasieran zituzten aurreikuspenak zeharo aldatu ziren andoaindarrak UKEra batu zirenean, eta orain euren xedea igoera lortzea da.

Esanak esan, denboraldi ezin hobea egiten ari dira. Elkarrizketatuek sorpresa gisa hartu dute hasiera, eta andoaindar eta urnietar jokalarien batura oso baikorra izan dela nabarmendu dute: "Onuragarria izan da guztiontzako andoaindarrak UKEra etortzea. Gainera, lehenengo goazenez, dugun motibazioa handia da eta datozen partidei aurre egiteko gehigarri garrantzitsua da", aitortu du Zinkunegik.

Urnieta Quel Abogados senior taldeak asteburuan Urola Fincas Urretxuren aurka jokatu du igandean (12:00). Azken postuan daude, sailkapenari begira. Urnietarrek, beraz, puntuak pilatzeko helburuan aurrera egiten jarraitzeko aukera paregabea ikusten dute: "Ez ditugu aurkariak inoiz gutxietsi behar, azkenekoak diren arren aurkari guztiak bezalaxe irabaz diezagukete eta. Ezin dugu maila jaitsi, orain arte bezala jokatzen jarraitu behar dugu, geure jokoa eginez".

Jokalariek ez dute motibazio faltarik, lehenengo doaz eta igoerarekin amesten hasiak dira, baina gauzak errazak ez direla ere argi dute: "Orain ondo goaz, baina azkenean talde bakarrak lortzen du igoera. Egia taldea ere gurekin batera lehenengo doa, eta gol gehiago sartu dituztenez, gol averagearen arabera, lehen postuan daude".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!