Emakumezkoen senior taldeak zortzigarren garaipena lortu du jarraian eta bigarren postuan jarraitzen du Egiarekin batera

Aiurri 2019ko abe. 17a, 18:02
Garazi Ramos Urnieta Quel Abogados taldeko jokalaria jaurtiketa egiteko prest.

Urnieta Artola Harategiak ez du burua altxatzen eta etxetik kanpo ez du partidu bakarra irabazi. Hala ere, datozen partidak irabazten ahaleginduko da maila mantenzen saiatzeko.

Urnieta Quel Abogados senior taldeak zortzigarren garaipena lortu du jarraian Urola Fincas Urretxu taldeari irabazi ostean. Bigarren postuan jarraitzen dute lehenengoarekin berdinduta, hau da, gol averagearen ondorioz, Egia taldea da lidergoa duena. Erraz eta arazorik gabe lortu zuten garaipena urnietarrek, 40-11 emaitzarekin. Senior mailakoak kontzentratuta irten ziren pistara, asko baitzegoen jokoan. Azkenekoaren aurka jokatzen zuten arren, ezin ziren fidatu, lidergoa jokoan zegoelako. Urtea amaitzeko garaipen garrantzitsua lortu du emakumezkoen taldeak.

Urnieta Artola Harategiak ez du burua altxatzea lortzen, Ford Mugarri Arrasate taldearen aurka galdu baitzuten 37-26 emaitzarekin. Urnietako senior mailako gizonezkoen taldeak helburu argia du, maila mantentzea, baina denboraldi honetan ez du lortu etxetik kanpo garaipenik lortzea. Urnietarrek defentsa ahula erakutsi zuten eta aurkariak egoera hori baliatuta min handia egin zuen; arrasatearrek hasieratik lortu zuten defentsa gainditzea, eta lehen hamabost minutuetan 6 puntuko aldearekin jartzea lortu zuten. Amaierararte alde nabarmen hori mantentzea lortu zuten, eta urnietarrek ezin izan zuten gehiago egin.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!