Miguel Imaz enpresak eraikiko du kiroldegi berria

Jon Ander Ubeda 2020ko ots. 16a, 09:11

Urnietako kiroldegia eraberritzeko lanak berehala hasiko direla iragarri du Udalak, otsailaren 6an lehiaketa irabazi zuen Miguel Imaz Constructoresekin obra kontratua sinatu eta gero.

Udaletik zabaldutako prentsa oharrean jasotako datuaren arabera, “lanak aurreikusitakoaren arabera garatzen badira, erreforma gutxi gorabehera bi urte barru amaituko da”.

Aurreikusitakoa baino merkeago

Badirudi ere obra aurreikusitakoa baino askoz merkeago aterako zaiola Udalari, “Obraren lehiaketaren lizitazio oinarria 7.998.631 eurokoa zen, eta Miguel Imazen proposamena 5.759.014 eurokoa da. Horrek esan nahi du hasiera batean aurreikusita zuena baino bi milioi euro pasatxo aurreztuko dituela Udalak”.

Modulu aurrefabrikatuen muntaketa aurrera doa

Kiroldegiko erabiltzaileentzat ezaguna denez, eraberritze lanek iraun bitartean urtean zehar eskaintzen diren jarduerei eusteko saiakera egingo da. Horretarako, aurrera doaz kiroldegi gaineko aparkalekuan kokatu dituzten modulu aurrefabrikatuen muntaketa lanak eta baita instalakuntza horietan ezarri beharreko ur, gas eta argindar hornidura lanak ere.

Gimnasioko eta erabilera anitzeko aretoetako tresneria lekuz aldatu beharko dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!