Belauntzaran urnietarra, bizitza osoa Goiburura lotuta

Xabier Lasa 2020ko ots. 24a, 10:00
Ramon Belauntzaranek erretiroa hartu zuen, duela gutxi. Arizmendi hazitegian lan egin du, ia berrogei urtez

Kirol mailan bizi izandako une gozoak eta iraganean bizi izandako gertaera gazia hizpide izan ditu elkarrizketan. Goiburun sortu eta bizi den urnietarra da.

Ramon Belauntzaran Egia Ormatzarreta baserrian jaio zen 1956an, eta bertan bizi izan da geroztik, Goiburu auzoan. Herri kiroletan sutsu ibilitakoa da gaztetan jendaurreko lehiaketetan. Baina kirolen eta desafioen gainetik, pistolen tiroak gertu sentitzen dituela lasterka bizian egitea zer den badakiela esan dezake. Iazko irailean jubilazioa hartu zuen, eta denbora hartu du 1986ko pasadizu hura gogorarazteko.

Erretiroa hartu berri duzu Arizmendiko Mintegian...

Iazko abuztu-irailean egin nuen azken lan eguna, ia berrogei urtetan bertan jardun eta gero. Azken aldian lau langile aritu gara, eta hiru geratuko dira ni aterata. Gogoratzen naiz lau lagun batera nola sartu ginen 1980an. Hemezortzi laguneko plantilla ezagutu zuen Arizmendik garai hartan.

Zer egiten da zehazki, Arizmendiko Mintegian?

Mendiko eta jardineko landarea hazten da: Pagoa, lizarra, haitza, intsusa, gorostia, lizarra, altza, haritza... Egun, Aldundiaren beharretarako aritzen da Arizmendi, batez ere, lur publikoetan landatu behar duenari erantzuteko. Beste zenbait eskari ere heltzen dira Arizmendira: esate batera, zuhaitz egunetan udaletxeek landatzeko behar izaten dituzten landareak.

Ekoizpena handiagoa zen iraganean. Bezeroak arlo publikotik ez ezik pribatutik ere etortzen baitziren. Getariko txakolindegietan, esate batera, Arizmendin hazitako makina bat landare landatu izan da.

Baserrira lotuta bizi zara. Denbora zertan igaroa izango duzu orain...

Ehiza zen nire afizio handienetakoa; usoetan, basurdeetan eta oliagorretan ere aritu izan naiz, baina basurdetarako bakarrik animatzen naiz oraintxe, auzoko kuadrillarekin. Baserrian ari naiz bete-betean, eta aspertzeko denborarik ez daukat. Beti baitago zeregina! Oilasko batzuk hazi, artaldea gobernatu, baratzan aritu... Hori bai, ahaztu ziren haragitarako eduki genituen larreko ganadua eta esnetarako behiak ere!

Gaztetan poliziarekin pasadizu larria bizi izan zenuen, bizia bera arriskutan ikusi zenuen orduan...

Ez da gezurra! 1986ko martxoaren 19an izan zen, San Jose egunean. Arizmenditik 17:30ak aldera atera eta etxera etorri nintzen oinez; kilometro bateko distantzia dago handik baserrira. Etxean, aitak aipatu zidan Udalak bilera antolatu zuela auzotarrekin ilunabarrerako, bidea berritzeko asmoa zeukatela-eta, eta hara joateko. Horrela, Martiarena alkatearekin Urnietan bilera egin eta gero, itzuleran, Latxeko Xebastian eta biok Ergoienen zerbait hartzeko geratu ginen. Batzuk kartetan geratu ziren bertan, baina nik, 24:00ak aldera etxera erretiratzea erabaki nuen. Bidean, Azkonobietako baserri pare horretan, Chrysler zuri bat nire aurrean geratu, eta bost lagun irten ziren bertatik zalapartaka. “Alto policia” esaka! Kaleko arropaz jantzita zihoazen. Bi lagunek besotik heldu zidaten, eta nik ahal nuen bezala jota libratu egin nintzen. Segituan, aterkia, eta harekin diruak eta karnetak zeuzkan kartera harrika bota egin nituen; haiek distraitzea lortu nuen, eta horrekin batera, burua bide bazterrera bota eta korrika aldegin nuen goitik behera, Andoain aldera ateratzen den bidexkan barrena. Atzetik, aditu nituen haien marruak, eta baita ere, danba, danba, danba! hiru tiro nola bota zizkidaten. Akabo nireak! pentsatu nuen nere artean, baina iheska segi nuen. Eta Urbanetara atera nintzen.

Bien bitartean, haiek Urnietako udaltzaingana joan ziren, nire karneta eskuetan zutela. Mikel Unanue udaltzaina topatu zuten han, eta honek esan harritzen zela nirekin, ez zuela pentsatzen nik ezer txarrik egin nuenik. Kontua da, hura hartu eta baserrira abiatu zirela. Kaleko arropaz jantzitako guardia zibilak ziren, gero jakingo genuenez. Dinbi eta danba atea bota, eta etxeko denak esnarazi zituzten.

Eta zu nondik zenbiltzan, hori gertatzen zen unean?

Ergoienera iritsi nintzen. Bertakoekin lasaitzen saiatu nintzen; “Hori al da pertsona tratatzeko modua?” esaten nien. Gorputzean urratuak eta odol isuria neuzkan, larre artean zilipurdika ibili izanagatik. Gainera sorbaldan egundoko oinazea sentitzen nuen. Halako batean, Latxeko Xebastianek lagunduko zidala etxera itzultzen. Horrela, etxera ailegatu, eta zera, autoz eta paisanoz josita baserri guztia! Sukaldean gogor hartu ninduten. Makina bat paper zabaldu mahai batean, eta galderak galderen atzetik; tarteka, ez dakit zer lege eta artikulu irakurtzen zizkidaten. Nik tutik entenditzen ez, eta dardarka, zutik egon ezinik! Gero, esaten zidaten muga ez dakit zenbat alditan pasatakoa nintzela, baina dena gezurra zen! Rosario Pikabea eta beste zenbait garaitsu hartan ihes eginda zeuden, eta harekin lotzen ninduten. Kontua da ni Rosariorekin aizkora apustuetan ibilitakoa nintzela, ez besterik.

Intxaurrondora preso eramateko mehatxua ere egin zidaten, baina halako batean, alde egin zuten, bakean utzi gintuzten!

Astebete lehenago, ETAk Jose Maria Egaña, Buruntza auzoan kokatzen den Krafft lantegiko lehendakaria bahitu zuten. Haren peskisan ibiliko ote ziren?

Nik ba al dakit ba? Urte batzuk atzerago, BVE bailara guzti horretan ibilia zen jendea hiltzen eta mehatxatzen, eta ETAk ere hila zuen mediku bat Pardaki inguruan... Bailaran beldurrez bizi ginenik ezin uka! Tapa!, “hau hil diyek”, eta tapa!, “beste hori hil diyek...”.

Hurrengo egunetan, zer esaten zizun jendeak?

“Eskapada ederra egin dek”, “Korrika ibili haiz ba, geratu besterik ez!” eta antzekoak. Erraz esaten dira gauzak, baina gauez, bost lagun armatutakoak aurrez aurre topatzen dituzunean, nola erreakzionatu behar ote da?

Salaketa jarri eta dirua ateratzeko aukera ere baneukala komentatu zidan baten batek, baina nik dena ahazteko gogoa beste pentsamendurik ez neukan!

Eta pentsamendu hori lortu al zenuen egi bihurtzea?

Ez berehalakoan! Gorputz osoa minberatuta geratu zitzaidan hurrengo egunetan, eta lanerako ez nintzen gauza. Masajistak esan zidan sorbalda oso gaiztoa naukala baina sendatuko zitzaidala; gertatukakoa, ordea, ez zitzaidala burutik joango. Eta halaxe izan! Geroztik ez naiz gauza izan oinez ibiltzeko errepidean, ez gauez behintzat. Gauez sumatuz gero baserri inguruan auto bat edo baten bat karakolak biltzen linternarekin dabilela, dardarka jartzen naiz... Noizean behin, burura etortzen zait gertakizun hura, eta orduan komeriak burutik kentzeko...

Artean segan, aizkoran, harrijasotzen... ibilitakoa eta sasoikoa izan ondoren, nik ez dakit estuasun latz haren ondorioz izan zen ala ez, baina kontua da handik lasterrera gaitzak bata bestearen segidan etorri zitzaizkidala. Lehenbizi, giltzurrinetatik gaizkitu nintzen, txisean odola irteten zitzaidalarik. Hura sendatu, eta berehala, hatzetako azkazalak galtzen eta odoletan jartzen hasi zitzaizkidan. Burlatako brujoak emandakoarekin onera etorri nintzen, hari eskerrak!

Bizipen hura ez duzu ezkutatu inoiz.

Ingurukoei eta lagunei kontatu izan diet, baina nabarmendu nahi izan gabe. Jendeak igual esaten du “zerbait izango zian horrek...”, baina berdin dio. Ni ezagutzen nautenek badakite sekula ezertan sartu gabea naizela, ez manifestazio batean ez ezertan...

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!