Koronabirusa

Urnietako bolondres sarea laguntza eskaintzen hasiko da ostiraletik aurrera

Aiurri 2020ko mar. 26a, 16:00
Argazkia: Urnietako Udala.

Bolondresek Urnietako Udalak ezarritako baldintzak betetzen dituztela aztertu ostean, formakuntza saioa eskainiko zaie.

Urnietako Udalak oinarrizko formakuntza saioa eskaini die adineko pertsonei edo mendekoei oinarrizko zerbitzuak eskaintzeko borondatea agertu duten herritarrei, eta dagoeneko prest daude zerbitzuari hasiera emateko. Luke Goñi Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradun politikoa arduratu da ikastaroa zuzentzeaz, lanbidez erizaina baita bera.

Ostiraletik aurrera ekingo diote bolondres lanari autobabeserako materiala erabilita, izan ere, funtsezkoa baita, bai beraien eta baita zerbitzua jasotzen duten pertsonen segurtasuna bermatzea. Halaber, Udalak prestaturiko akreditazioa eta txaleko horia eramango dituzte soinean bolondresek, erraz identifikatu ahal izateko. Horretaz gain, zerbitzua jasoko duten pertsonei, aurretiaz jakinaraziko zaie zein bolodresek eskainiko dien laguntza, eta bolondresek laguntza eskaintzera joandakoan egin beharreko lehen gauza, identifikatzea izango da, prozesua segurtasunez gauzatzeko.

Bolondresek zehazturiko baldintzak betetzen dituztela ziurtatu da
Udalak deialdi irekia burutu zuen, beharrak sortzen ziren unean boluntario sarea osatua izateko. Orain arte, izandako eskaerei bere baliabideekin aurre egiteko moduan izan da Udala, baina azken egunetan laguntza eskaerek zertxobait gora egin dutela ikusirik, boluntario sarea martxan jartzea erabaki da. Horretarako egin den lehen gauza, laguntza eskaintzeko izena emandako pertsonek zehazturiko baldintzak betetzen dituzten baieztatzea izan da:

  • Adina: 17 urtetik gora eta 65 urtetik behera izatea.
  • Prestasuna: nahikoa datorren hilabetean (gutxienez bi edo hiru ordu, astean bi edo hiru egun), pertsona batek edo,  salbuespeneko kasuetan, bik (ez gehiagok) etxe bat zaindu ahal izateko.
  • Osasun-egoera: sukarrik edo arnas sintomarik ez duten pertsonak, bereziki eztul lehorra edo arnasa hartzeko zailtasuna. Esku-hartze bakoitzaren aurretik tenperatura hartze bat egingo da, eta ezingo da 37 gradutik gorakoa izan.
  • Patologia kronikorik gabe: diabetesa, kardiopatiak, arnas gutxiegitasuna, immunogutxitzaileekin tratamenduan egotea, etab.
  • Gaikuntza: herritar guztientzako gomendioak irakurtzea eta ikustea, baita etxez etxeko laguntzarako boluntarioentzako jarraibide espezifikoak ere, Osasun Sailak ezarritakoak.

Baldintza horiek betetzen dituzten pertsonak deitu dira formakuntza saioa egiteko eta lanari ekiteko. Ondorengo kasuetan eskainiko da laguntza:

  • Premia biziko hornidurak eskuratzeko: elikagaiak, higiene- eta garbiketa-produktuak eta premia biziko beste hornidura batzuk.
  • Zaborra jaisteko.
  • Osasun-txartel indibidualean agindutako sendagaiak jasotzeko.
  • Haien maskotaz arduratzeko (paseatzera atera, larrialdiko albaitari-arreta).
  • Atzeratu ezin diren izapide eta kudeaketak egiteko.

Laguntza behar dutenek edo eskaini nahi dutenek jarrai dezatela deitzen Gizarte Zerbitzuetara
Bolondres sarea, talde bizia izango da, hau da, oraindik izena eman ez duen pertsonaren batek laguntza eskaini nahi baldin badu, Gizarte Zerbitzuetara deitzeko aukera du zerrenda horretara gehitzeko. Hala, beharrak handitzen joango balira, bete beharreko baldintzak betetzen dituztela ziurtatu ostean, bigarren formakuntza saio bat antolatuko litzateke izena emaniko pertsonekin, bolondres sarea handitzen joateko.

Beste horrenbeste gertatzen da laguntza behar duten pertsonekin. Aurrerantzean ere edozein momentutan deitu dezakete Gizarte Zerbitzuetara laguntza eskatzeko.

Urnietako Udalak biziki eskertu nahi du euren laguntza borondatez eskainiko duten pertsonen jarrera eta ekarpena. Egoera honi aurre egiteko ezinbestekoak baitira eskuzabaltasuna eta elkartasuna.

Zein da Gizarte Zerbitzuetako zenbakia? 943 00 83 49

Zein ordutan dei daiteke? 8:00-15:00 bitartean astelehenetik ostiralera

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!