Ezker eskuan ebakuntza egin ondoren, aurrera begira jarri da Mikel Alonso

Aiurri 2020ko uzt. 28a, 12:40

Urnietarra sasoiko zegoen, Okzitaniako lasterketan parte hartzeko gogoz. Joan zen asteko erorikoaren ondorioz, ordea, ezker eskuan kolpe handia jaso du. Ebakuntza egin diote, eta gauzak ondo laster errepidean egon nahiko luke.

Aiurri harremanetan jarri da Mikel Alonso Euskaltel Euskadi taldeko korrikalariarekin. Urnietarrak aditzera eman duenez ezkerreko eskuan egin zioten ebakuntza ondo irten zen: “Ezker eskuko erdiko behatza hautsi dut, eta artikulazioa nahikoa kaltetuta daukat. Tendoiak ez zuen bere funtzioa betetzen eta horrekin guztiarekin ebakuntza egin behar izan zidaten”. Bi aste barru doa medikura, eta ziurrenik bigarren ebakuntza egin beharko diote.

Arrabolan bizikleta gainean hasteko gogoz dago, eta errepidean ahal duenean hasiko da. Eskuaren garapenaren baitan izango da hori. Lehiatik kanpo egongo da hurrengo asteetan, eta penatuta agertu da: “Okzitaniako lasterketan parte hartu behar nuen. Egia esan, ondo sentitzen nintzen. Azkar nenbilen. Beraz, pena! Aurtengoa ez ohiko urtea izaten ari da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!