"Txaloka atera garenean hunkitu egin gara"

Jon Ander Ubeda 2020ko ira. 25a, 07:50
Saioa Urbistondo eta Karmele Lekuona dantzariak.

Egape Dantza Taldeak eskaini zuen “Almanaka” aurrerapen saioak ikusmira handia sortu zuen. Saioa amaituta, Saioa Urbistondo eta Karmele Lekuona dantzarien adierazpenak jaso genituen.

Jende ugari bildu zen kultur ekitaldiaz gozateko; halaber, esan beharra dago, segurtasun neurriak zorrotz bete zirela, hala nola eskuetarako gela, distantziak, edota musukoen erabilera beste batzuen artean. Saio ikusgarria eskaini zuten; ikusleek ikuskizunaren amaieran txalo zaparraden artean eskertu zituzten dantzariak. Frontoitik ateratzeko segurtasuna bermatzeko, taldeka atera ziren bertako arduradunen esanetan.

Pozik zaudete eskaini duzuen emanaldiarekin?

Bai, oso gustura dantzatu dugu, espero genuena baino hobeto irten da guztia jakinda zein egoera bizi dugun.

Gaurkoa jendaurreko proba bat izan da?

Arraroa izan da. Egungo egoerarekin ez genekien zein harrera edukiko zuen dantza emanaldiak jendaurrean. Une oro distantzia mantendu behar denez, musukoekin zaudenez eta bizi dugun bestelako egoera dela eta, zalantzak genituen, baina guztia bikain irten da. Gehitu beharra dago, aspaldi ez genuela dantzatzen, beraz, jendearengandik horrelako harrera edukitzea oso pozgarria da.

Kultur ekitaldiak jendaurrean egitea garrantzitsua da?

Kultur ekitaldiek berebiziko garrantzia dute. Horrelako ikuskizunekin, bizi dugun egoera une batez ahaztu dezakegu. Egia da maskarekin eta distantziarekin ikusi behar direla saioak, baina horrelako saioek jendea pozten dutela pentsatzen dugu. Gaur ikusi da kulturak aurrera egin behar duela, eta, une oro, segurtasuna bermatu daitekela ezbeharrak ekiditeko. 

Zuentzako berezia izan da emanaldi hau?

Hasieran txaloka hasi garenean, emozionatu egin gara; poztasuna besterik ez genuen. Hilabeteak igaro dira normaltasunez dantzatu genuenetik. Gainera, hau guztia aurrerago egingo dugun ikuskizunaren aurrerapena izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!