Iraganeko Sanmielak

Xabier Lasa 2020ko urr. 2a, 09:00

II. Errepublikako (1931-1936) garaia politikoki katramilatsua gertatu zen Estatu espainiarrean. Orduko liskar politikoek Urnietako gizartea ez ezik Sanmiel jaiak ere ukitu zituen, zeharka edo ez hain zeharka.

Urnietan bizi ziren nazionalisten eta tradizionalista-karlisten bi familia politikoen arteko xextrak islatu ziren Sanmieletan hain zuzen (Urnietako parte ziren Oria auzoa eta Lasarteko zati bat aparte geratzen dira, bestelako errealitate soziologikoa osatzen zutelako). Bi egunkarietan, El Día nazionalista eta La Constancia tradizionalista-karlistan agertutako zutabeetan oinarrituta osatuko da segidako kronika.

1931ko apirilaren 5ean eta 12an, monarkia eraitsi eta II. Errepublikaren ezartzea eragin zituzten udal hauteskundeak egin ziren. Apirilaren 5ean, Goiburuko barrutian bost jeltzalez osatutako hautagaitza bakarra aurkeztu zen, eta horiek izendatuak izan ziren automatikoki, 29. artikuluaren arabera. Apirilaren 12an, Oztaran barrutian, bi hautagai zerrenda aurkeztu ziren: boskote abertzalea eta bikotea sozialista; lehen bostak hautatu zituzten auzotarrek gehiengoz. Hortaz, Urnietako udal korporazioa hamar abertzalek osatu zuten: Jose Mari Belauntzaran alkatea, eta zinegotziak, Victor Almortza, Federiko Otaegi, Juan Lakarra, Jose Antonio Ormazabal, Gillermo Lizeaga, Manuel Lasarte, Sebero Atxukarro, Ramon Lasarte eta Agustin Loinaz.

1932ko Sanmielak

Lander Etxaniz idazle euskaltzaleak El Día egunkarian (1932/10/06) Sanmiel eguneko zein bezperako ospakizunen inguruko kronika egin zituen. Adierazi zuenez, bezperan, eliz kanpaiak eta itxaferoek jaien hasiera iragarri zuten, eta egunean zehar txistulariak aritu ziren kalean gora, kalean behera, gauean barrena, “... alik eta oieratu giñan arte...”. Sanmiel bezperako gau horretan gertatutako pasadizo bat ere kontatu zigun Etxanizek: “(...) Deun Mikel aurregun edo bezpera gauean, emengo Zubillaga´tar Jakoba langile gizon gazteai 175 laurleko edo peseta galdu zitzaizkion. Eta ez ziran esku txarrean topatzia egoki. Emengo Barkaiztegi´tar Josebak topatu zituan gau artan bertan; eta bai bereala bere jabe naigabetuai eman ere. Bejondeikela Joxe; orrela ezagutzen dituk gizonak; ez mingañez, eginkizun onez baizik”.

Sanmiel egunean, ostegunarekin, hiru ekitaldi nagusitu ziren: meza eta pilota partida goizez, eta dantzaldia arratsalde-ilunabarrean. Nabarmentzeko laugarren “elementu” bat egokitu zen kronikalariaren esanetan, jai egitarau ofizialean agertu ez zena: “... esan bearrik ez dagona ere bai; zurruta ugari ardantokietan, eta itxura ontan, “cavernicola” izatea aldatu leike; baña “tabernicola” izatea, lana pranko”.

Mezan zehar, udalgintzan abertzaletasuna urte bete lehenago sartu izana antzeman zen. Izan ere, bertan euskal kantutegia eliz liturgietan ere sustatu nahi zuten hainbat kantari ospetsuek –Gipuzkoan euskal abertzaletasunaren inguruan mugitzen zirenak–, osatu baitzuten luxuzko abesbatza; hala nola, Mendikute, Laborda, Arin, Olaizola, Garbizu, Elosegi, Zubizarreta... Apaizak ziren horietako batzuk.

Ondoren, Kontsejupean, desafiozko pilota partida jokatu zen: pilotari bakarra (Lander Etxeberria urnietarra) biren (Sarobe andoaindarra eta Illarramendi usurbildarra) aurka. 

Herriko abertzaleek ez zeukaten ahaztua San Migel santua urnietarrena ez ezik euskal abertzaleen zaindaria ere bazela. Era horretan, “(...) Eusko batzokian eta gañerako abertzale etxetako leioetan, zuri, gorri orlegiko ikurrin eta zapiak ugari...”.

1934ko xextra, ardoaren legeak eraginda

Eskuineko errepublikano Lerrouxen gobernuak ardoaren estatutuari buruz aurkeztu zuen lege-proposamenak (desgrabazio fiskalaren aldekoa) polemika piztu zuen. Proposamena indarrean jartzeak udalen ogasunen hondamena zekarren ziurrenik, izan ere, ardoa bezalako kontsumo gaiek eragiten zituzten zergak jaso gabe geratu zitezkeen. Kontuan izan udalen aurrekontuko diru-sarreren %30a, gutxi gora behera, ardoaren zergetatik zetorrela. Gobernuaren iragarpenak, esan bezala, Kontzertu Ekonomikoaren, eta azken batean, udal autonomiaren aldeko erreakzio sutsua eragin zuen. Protesta gisa aurrera eraman zen ekimenetako bat ordurako Estatutuaren alde bat eginda zebiltzan zinegotzi nazionalisten, ezkerreko errepublikanoen eta sozialisten dimisio kolektiboa izan zen, 1934ko irailaren hasieran. Urnietako alkate eta zinegotziek ere bat egin zuten erabakiarekin.

Krisialdi horri erantzunez, Gipuzkoan, Emilio Muga gobernadore zibilak Batzorde Kudeatzaileak izendatu zituen herriz herri. Gainerako herrietan bezala, Urnietan ere karlista eta tradizionalistak hautatu zituen, eta horiek irailaren 15ean egin zuten lehen udalbatza. Honakoek: Bartolome Ugalde (alkatea), eta zinegotziak Manuel Izagirre, Florentino Ugalde, Luis Rekondo, Eugenio Aldanondo, Jazinto Atxaga, Saturnino Larburu eta Juan Jose Etxeberria. Denek ere bat egiten zuten handik bi urtetara heldu zen 1936ko uztailaren 18ko kolpe militarrarekin, eta irailaz geroztik honakoak izan ziren udaleko agintariak: Bartolome Ugalde (alkatea), Manuel Izagirre, Florentino Ugalde, Luis Rekondo, Juan Joxe Etxeberria, Eugenio Aldanondo, Jazinto Atxaga, Jose Ubillos eta Jose Iraola.

Bi urtez atzera eginda udal giro nahasian heldu ziren 1934ko Sanmielak, eta besteak beste, Urnietako EAJ alderdiko Uri Batzak jaiei boikota egiteko deia luzatu zien urnietarrei. Halaxe jakinarazi zien El Día egunkari nazionalistako irakurleei behinik behin, Kaletar bat ezizeneko urnietar batek 1934/09/27ko zenbakian. Artikulugilea ziur zen agintari berri tradizionalistek porrota jasango zutela.

Lehia bizia piztu zen herriko bi familia ideologikoen artean, eta La Constancia egunkari tradizionalistak Urnietako udal berriaren alde jo zuen garbiki, kontraeraso eginez nazionalistei. Irailaren 29an, Txiton ezizeneko idazle batek jaien aldeko kronika sutsua idatzi zuen: “(...) Siempre han sido animadas las fiestas de este simpático pueblo guipuzcoano; pero este año el prestigioso y celoso Ayuntamiento, en sesión celebrada anteayer, aprobó un soberbio programa de actos que, a no dudarlo, rebasará con mucho las solemnes fiestas patronales de años anteriores”. Segidan, bi egun lehenago onetsitako programa azaldu zuen. Irailaren 29an, goizez, Urnieta eta Tolosako txistularien diana eta itxaferoen jaurtiketa. 10:00etan meza abestua, Donostia eta Urnietako zenbait abeslariekin. Elizkizuna amaituta, pilota partidua kontsejupean, herriko bikotea Zizurkilgo bikote baten aurka. Ondoren, musika kontzertua. Arratsaldean, herritarren ongietorria Andoaingo Udal Musika Bandari, eta erromeria plazan bandarekin eta txistulari, dultzainero eta akordeoi-joleekin. “Según nuestras noticias, la animación existente en San Sebastián, Hernani, Andoain, Villabona y Tolosa es extraordinaria, lo que hace presagiar que la asistencia a las fiestas de San Miguel en Urnieta se verán concurridísimas como jamás haya habido precedente”, esanez amaitu zuen kronika Txiton-ek.

Urriko lehen egunetan, Estatu mailako testuinguruak dena baldintzatu zuen, baita Urnietako herritarren bizitza ere. Izan ere, ezkerreko alderdi eta sindikatuek CEDAren gobernu eskuindarraren aurkako matxinada antolatu zuten, eta grebak, manifestazioak, sabotajeak… burutu zituzten han hemen. Salbuespen egoera ezarri zuen gobernuak, eta besteak beste, prentsarik ez zen kaleratu urri hasierako lehenengo zenbait egunetan. Bolada katramilatsu hartan argitaratu ziren zenbaki bakanetan zehar, soilik La Constancia-n topa dezakegu Urnietari buruzko kronikaren bat, Betikua ezizeneko idazleak sinatuta. Honek, urriaren 3an, jaien aurkako ustezko azpijokoak salatu zituen. “(…) Ni la rotura de la tubería que conduce las aguas a la villa; ni cierta maliciosa presión ejercida sobre músicos y pelotaris, y otros elementos que nuestro dignísimo Alcalde señor Larburu, había contratado para solemnizar las fiestas con el beneplácito unánime del celoso Ayuntamiento; ni la provocación soez y grosera de que fue objeto la señora del Alcalde, por una turba de ineducados nacionalistas, no fueron suficientes ni obstaculizaron en nada para que el grandioso programa de actos confeccionado por nuestro prestigioso Ayuntamiento se desarrollara en todas sus partes… Por noticias de buen origen sabemos que cuantas personas sensatas figuraban en las listas del batzoki de nuestro pueblo, han mostrado su disconformidad y disgusto por las “txotxoladas” llevadas a cabo por esos “gixajos” separatistas que quieren anteponer, sus odios y rencores al bienestar, alegría y buena administración de nuestro querido “txoko”…”.

Betikuak idazleak urriaren 1ean gehitu zuenez, urnietarrek Sanmielak bakean eta alaitsu ospatu zituzten aspaldiko partez, “(…) después de haber perdido de vista para siempre, la tiranía nacionalista que hemos venido padeciendo durante largos años”.

Zoritxarrez, ziurrenik bestelako bertsioa jakinaraziko ligukeen kronikarik ez zuen plazaratu El Día-k garai hartan.

Orduko Urnietako errealitate sozio-politikora hurbil gaitzaketen zenbait datu jakingarri ager ditzakegu: 1933ko azaroko eta 1936ko otsaileko Hauteskunde Orokorren eskutik. Lehenengoan, hona emaitzak: EAJ, 671; PSOE, 175; Union Derechas, 171. Bigarrengoan, berriz: EAJ, 580; Fronte Popularra (PSOE, EAE, PCE…), 243; Coalición Contrevolucionaria (eskuina), 175.

1936an Sanmielik ez

Bertan behera geratu ziren urte hartakoak, egun batzuk lehenago, irailaren 11n, kolpe militarraren eragileek Urnieta okupatu eta gero. Tradizionalista-karlistek hartu zuten udal agintea, eta kolpe zaleek ezarri zuten errepresioaren baitan, aipatzekoa da San Miguel egunean, irailaren 29an, Meza Nagusiaren ostean, iraganean Urnietako alkate eta epaile izandako Rafael Barkaiztegi eliza aurrean atxilotu eta Andoaingo kanposantuaren horman fusilatu zutela.

Sanmiel jaien lehiakideak

II. Errepublikako garaiarekin jarraituz, kontuan hartu behar dugu Urnietako Sanmielek lehiakide gogorrak eduki zituela, jendea erakartzeko orduan: Donostiako Udala 1927an antolatzen hasi zen Euskal Jaiak batetik, eta bestetik, euskal nazionalismoaren ospakizunak. Jende ugari erakartzen zituzten ekitaldiak izaten ziren biak ere.

Euskal Jaiak Donostian (Konstituzio Plazan, Atotxan eta Zubieta auzoan) irailaren azken astean ospatu izan zen zenbait urtetan. Astean zehar euskal kultura, folklorea eta herri kirolekin lotutako ekitaldi sorta egiten zen; Euskal Herriko txistularien bilkura, dantza txapelketak...; igandean, berriz, Zubietako auzoan meza nagusia eta erreboteko partiduak, eta hipodromoan dantzariak eta herri kirolez osatutako jaialdia antolatzen zen. Aste osoko ospakizunei amaiera emateko, egundoko erromeria ospatzen zen. Milaka eta milaka gipuzkoar biltzen zen hipodromoko zelaietan, euskal jantzi tradizionalez jantzita.

Bestalde, Errepublikan zehar gizartean indar erakustaldi jendetsuak egitera ohitu zen euskal nazionalisten mugimenduarentzat, San Migel, debozio handiko santua zen, Euskadiren zaindaritzat hartzen zuten; euren agendan, ospatu beharreko egun gisa hartzen zuten irailaren 29a. Etxeetako balkoietan ikurrina jartzeko aparteko eguna izaten zen, eta ospakizun publiko ugari antolatzen zituzten han hemen, horietan falta ezin zirelarik meza nagusia, euskal nortasunaren aldeko aldarriak, dantzari eta txistularien emanaldiak, erromeriak...

1933ko Sanmielak

Irailak 28

  • Festen hasiera, kalejira eta etxafuegoekin.

Irailak 29

  • 05:00 Diana txistulariekin.
  • 11:30 Pilota partida: Orioko Salegi, Urnietako Leandro Etxeberriaren aurka.
  • 16:00 Aurreskua eta erromeria, San Juaneko txistulariekin eta dultzaineroekin.
  • 22:00 Kalejira biribilketan eta erromeria.

Irailak 30

  • 10:00 Bizikleta lasterketa. Ibilbidea: Batzokia, Bakero, Berrozpe, Bakero, Iturain, Batzokia.
  • 10:30 Lapiko apurketaren jolasa haurrentzat.
  • 11.00 Korrika lasterketa: Ibilbidea. Batzokia, Posta, Sola, Posta, Zaundegi, Plaza, Belaundi, Batzokia.
  • 12:00 80 m-ko lasterketa.
  • 12:00 Zaku lasterketa, eta haurrentzat jokoak.
  • 15:00 Bolo txapelketa.
  • 16:00 Bertso saioa: Alkain, Mitxelena eta Blanco.
  • 16:30 Haurren aurreskua eta erromeria, herriko txistulariekin.

Urriak 1

  • 05:00 Diana.
  • 11:30 Pilota partida: Isasa-Etxeberria // Goenaga-Garagorri.
  • 17:00 Erromeria, Zumarragako trikitilariekin eta Pasaiko txistulariekin.
  • 22:00 Kalejiraren amaiera.

Urriak 2

  • 11:00 Trontzalarien proba.
  • 11:00 Haur jolasak.
  • 15:00 Bolo txapelketa.
  • 16:00 Aurreskua eta erromeria, herriko txistulariekin eta akordeoilari batekin.

Urriak 8

Euskal Jaialdia: Donostiako Saski Naski Poxpolinak eta Ezpatadantzariak. Erromeria Zumarragako trikitilariekin eta Pasai Donibaneko txistulariekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!