Covid19 | Datuak egunez egun

Kutsatze komunitarioa egon daitekeela ohartarazi du Urnietako Udalak

Jon Ander Ubeda 2020ko urr. 2a, 13:22

“Hezkuntza eta kirol mailan espazioak partekatzen dituzten gazteen artean gertatzen ari diren kutsatzeen ondorioz”, kutsatze komunitarioa egon daitekeelako kezka adierazi du Udalak. Atzokoan 6 kasu positibo eman ziren, eta gaurkoan 1.

Kopuruak baino gehiago, joerak pizten du alarma. Izan ere, Urnietan abuztuan 22 kasu positibo antzeman ziren eta irailean kopuru hori bikoiztu egin da 44 kasura iritsi arte. Hauxe da Udalak atera duen oharra:

Urnietako Udalaren oharra:

"Covid 19 kasuak hedatzen ari dira Urnietan, hezkuntza eta kirol mailan espazioak partekatzen dituzten gazteen artean gertatzen ari diren kutsatzeen ondorioz. Gauzak horrela, Urnieta kutsatze komunitario baten aurrean egon daiteke.

Horregatik, positibo eman duten pertsonek eta positiboren batekin harreman zuzena izanagatik PCR proba bat egiteko zain daudenek berrogeialdia zorrotz egitea ezinbestekoa da. Bestela, arrisku larrian jarriko dute gainerako herritarren osasuna. Jakin behar dugu gutako bakoitzaren jarrerak komunitatearen ongizatea erabat baldintzatzen duela eta, beraz, erantzukizun osoz jokatu behar dugu.

Horrenbestez, herritarrei eskatzen zaie funtsezkoak ez diren jarduera guztiak etetea eta gizarte-jarduera ahal den neurrian murriztea. Urnieta Covid 0 herri bat izatea nahi badugu, zuhurtzia handiz jokatu beharko dugu.

Era berean, babes- eta prebentzio-neurriak gogorarazi nahi ditugu beste behin ere:

  • Erabili musukoa uneoro.

  • Eskuak maiz garbitu

  • 1,5 metroko distantziak errespetatu

  • Saihestu pilaketak.

  • Sintomarik izanez gero, deitu Urnietako osasun-zentrora: 943 00 66 80".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!