Duda putzu batean murgilduta

Andoni Urbistondo 2020ko urr. 25a, 09:00

UKE Senior taldea lehiaketari noiz ekin zain dago, pandemiaren egunerokora moldatzen; pasa den asteburuan ziren hastekoak, baina Legazpik liga utzi eta zain segitzen dute.

Pasa den asteburuan zeukan lehen norgehiagoka UKE senior taldeak, Legazpin. Baina ez zuten partidarik jokatu ahal izan herri hartako klubak lehiaketatik erretiratu eta Ligan jokatzeari uko egin diolako, covid-19 pandemiagatik. Datorren asteburuan jokatuko dute lehen partida Urnietan, Usurbil taldearen aurka. Airean dago partida, Udalak kiroldegia ixtea erabaki duelako. Udalak neurriak eten edo indarrean mantentzen dituen jakin arte, zalantza betean egongo dira. Jokalariek euren kabuz saiatuko beharko dute sasoi puntua mantentzen, ezingo baitute taldeko prestaketarik egin.

Taldeko jokalari batek positibo eman zuen iraila bukaeran, eta horrek taldearen jarduera baldintzatu zuen erabat. Euskadiko Eskubaloi Federazioak, dena den, Ligarekin aurrera egitea erabaki du, eta zortzi taldeko bi multzo sortu ditu. Multzo bakoitzeko lau onenak bigarren fase batera pasako lirateke, igoera fasea jokatzeko, eta multzo bakoitzeko lau azkenak, jaitsiera saihesteko beste multzo batera. Federazioak igoerak eta jaitsierak indarrean mantentzen ditu, momentuz. Ez dirudi oso erabaki logikoa, denboraldian gerta daitezkeen gorabeherak gogoan, baina garbi dago federazioari lehiaketa jokatzea interesatzen zaiola.

Partidak bi astez behin jokatzea planteatu du federazioak, alegia urte bukaera bitarte lau partida UKE senior taldearentzat. Eta partida bat Koronabirusagatik atzeratuko balitz, zer? Ez litzateke errekuperatuko, eta puntu banaketa proportzionala izango litzateke, federazioaren erabakiz. UKE senior taldean 12 lagun dira, justu samar denboraldia modu duinean osatzeko. Lau lagunek atzera egin dute, azken orduan, eta 12 geratu dira. Arauak ezartzen duen gutxiengo kopurua da. Bittor Rodriguez izango da entrenatzailea. Senior taldean solasaldiak izan dituzte, taldea atera edo ez atera, baina aurrera egitea erabaki dute, batez ere bultzaka datozen gazteengatik. Talderik aterako ez balute gazteek ezingo lukete euren urteetako ibilbidea biribildu, senior taldeko kide izan, eta mugak muga, orain behintzat senior taldean jokatzeko aukera izango dute.

Mailari eustearekin konforme

Jokalarien artean ikasleak eta langileak daude, eta ikasleak direnak beste modu batean bizitzen ari dira pandemia. Kutsatuz gero, 15 egun etxean pasa eta kito, baina langileak direnak, aldiz, kutsatu eta 15 egun etxean pasa beharra ez da gozoa. Kirola egiteko baldintzak ere ez dira onak. Urnietan entrenamendua eta gero badakite kiroldegian ez daukatela dutxatzeko aukerarik, baina minutu gutxian etxean daude. Bizkaia eta Araba aldera jokatzera joan behar duten egunetan, baina, ez dakite dutxatzeko aukera izango duten edo ez, eta partida jokatu eta gero bizpahiru ordu dutxatu gabe egotea zaila egingo omen zaie. Eta baldintza horietan zein da helburua? Beñat Senperenak dioenez taldea oso justua da, eta mailari eustea arrakasta handia litzateke. 12 lagunekin bakarrik, gerta litezkeen ezustekoak, eta beste taldeek duten maila aintzat hartuta garbi ikusten du egoera: “Gure multzoan azken lau horietatik libratzea ia ezinezkoa ikusten dut, eta jaitsiera saihesteko bigarren fasean ere ikusi egin behar nola gauden, beste taldeak nola dauden, eta pandemia bera nola dagoen”.

Oinarri logikorik gabeko lehiaketa

Azken astean gertatutako kronologiari errepasoa egitea baino gauza hoberik ez, lehiaketaren bilakaera zintzilik dagoela barneratzeko. Legazpik Liga utzi du, eta UKEk asteburu honetan ez, hurrengoan egin behar zuen debuta airean dago. Aste honetako lehen erdian kutsatze datuek Urnietan izan duten bilakaerarekin litekeena da kiroldegiko itxiera urriaren 26tik haratago joatea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!