Aho batez erabaki du Eusko Legebiltzarrak Egapeko DBHko zentro berriaren lanak azkartzea

Aiurri 2020ko abe. 14a, 13:02
Legebiltzarkideak Egapeko DBHko eraikina bisitatu zuten abenduaren hasieran

EH Bildutik proposatutako eskakizunaren gainean eztabaidatzeko bildu dira gaur Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Saileko kideak. Bertan izan dira, besteak beste, EH Bilduko, EAJko, PSEko, Podemoseko eta PP-Ciudadanos koalizioko bozeramaileak. Aho batez onartu dute ezker abertzaleko kideen proposamena

Abenduaren hasieran ezagutu zuten legebiltzarkideek Egape Ikastolako DBHko eraikina. Horrez gain, eskolaren zuzendaritzarekin zein udalarekin egin zuten bilera, aferaren nondik norakoak ezagutze aldera. Hala, EHBildu koalizioak Egape Ikastola BHI zentro berriaren lanen azkartzea eskatu du Legebiltzarrean.

Eusko Alderdi Jeltzaleari aproposa iruditu zaio ezker abertzaleak egindako eskakizuna: "Gaur, behar bada, 2006en ez bezala, irteera laukitxo horretan dadoak eta ibilbidea daukagu. Ezagutu dugun historiaren arabera,  ziur asko gaur eskatzen duguna errealistagoa eta egingarriagoa da".

Jeltzaleei zuzendu zaie hainbatetan EH Bildu, egindako zuzenketen eta iradokizunen gainean aritzeko. Horrez gain, proposatu dute proiektuaren jarraipena egitea Hezkuntza Sailetik, baita kronograma bat adostea ere "ikastetxeak jakin dezan noiz has daitekeen bere premiak asetzen". Horrenbestez, lanean jarraituko dutela jakinarazi dute: "Kasualitateak kasualitate izan ez dadila eraikin berria zerutik erortzen den beste kasualitate bat".

Bestalde, Egapeko komunitatearen hitzak ekarri ditu gogora Podemos alderdiak, eta horiez "oso harro" daudela adierazi dute: "Hona ekarri ditugu hitz horiek aldarrikatzeko Egapeko komunitateak dituen baldintza zailak izan arren, gai direla beren jarduna esperientzia handi bihurtzeko" .  

PSE bere aldetik labur aritu da, eta adierazi du lanean ipintzeko garaia dela, "tresnak jada badaudelako horretarako". Hala, prozesuaren jakinaren gainean egongo direla gehitu du, eta beharrezkotzat jo du Urnietako Udalaren eta Hezkuntza Sailaren arteko lankidetza.

PP-Cuidadanos koalizioko bozeramaleak argi adierazi nahi izan du eraikina egoera jasangaitzean dagoela; kezkatuta agertu dira aferarekin: "Ezagutzen dugu gertaeren kontakizuna, baina ez dakigu zergatik gertatu den, eta horrek kezkatu egiten gaitu; izan ere, zergatia ezagutzen ez badugu, berriro gerta daiteke, eta inork ez digu saihesten 20 urte barru berriro gaia mahaigaineratu behar izatea".

Halaber, tentsio uneak ere bizi izan dira bilkuran EH Bildu eta jeltzaleen artean. Baina esanak esan, bat etorri dira alderdi guztiak proposamenarekin eta Urnietako Udalari eskatzen diote "kargarik eta zortasunik gabeko orube bat berehala lagatzeko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Egape Ikastolan irakasteko eraikin berri bat egiteko proiektua kontratatzeko espedienteari hasiera eman diezaion". 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!