“Beldurrak eta lotsak galtzen lagundu dit Pole dance-ak”

Alba Cabrera 2021ko ots. 21a, 09:00
Ander Goya Ostolaza

Urnieta motz geldituta, 18 urte besterik ez zituela egin zuen salto Ander Goya Ostolaza gazteak Bartzelonara, itzulpengintzako ikasketak egiteko asmoz

Hainbat urtez nazioartean ibili da, eta etxetik joan zen uneaz geroztik ez da Urnietara bueltatu bizitzera, zeren ez baita inoiz guztiz eroso sentitu bertan. Hamaika erralitatearen bateragunea da Bartzelona eta bere tokia aurkitu du gazteak metropolian. Pole dance egiten hasi da berriki; hiri horretan aski ezaguna den arren, inork gutxik du horren berri Euskal Herrian.

Zer da Pole dance-a?

Pole hitzak “barra” esan nahi du ingelesez; aldiz, dance berbak, “dantza”. Bertikalki ipinitako metalezko barra batekin praktikatzen den kirola da, non kirolariak barra erabiliz horren inguruan dantza egiten duen, indarraz eta elastikotasunaz baliatuta. Erronka handiko kirola da, oso zorrotza. Gainera, estigmazitatutako praktika bat da, eta beti lotu izan da ohitura jakin batzuekin. Alabaina, oso kirol egokia da osasuntsu egoteko, baita sortzailea ere. Izan ere, dantza egiteko aukera ematen du Pole dance-ak.

Zenbat Pole mota daude?

Bi Pole klase daude: Pole dance eta Pole sport. Biak ala biak barraren inguruan egiten dira. Alabaina, lehenak dantzarekin zerikusi handia du, eta bigarrena lotuagoa dago jarduera fisikoarekin, hau da, indarrak garrantzi handia du; jakin beharra duzu gorputzaren pisua kontrolatzen. Pole dance-a oso sortzailea da, eta nik uste dut hori dela jendeak gehien ezagutzen duen modalitatea, hain zuzen ere, Pole dance exotic delakoa: mundu erotikoarekin lotu ohi da azken hori. Ez da striptease-a, baina arropa gutxirekin eta takoiak jantzita egin ohi da. Asko du sentsualetik. Hori dela eta uste dut jendeak erotismoarekin harremantzen duela Pole dance-a.

Ahalegin fisiko handia egin behar da, beraz.

Nire ustez Pole dance-a zailagoa da Pole sport-a baino. Izan ere, azken horretan egiten duzun gauza bera egiten da lehenengoaren kasuan, baina estetikoa izan behar da, polit ikusi behar da. Pole dance-a erronka handiagoa delakoan nago, zeren Pole sport-arekin hasi behar baituzu, lehenik, indarra hartzeko eta zure gorputzaren gaineko kontrola izateko.

Teknika handia behar al da?

Bai, teknika handiko kirola da. Barra batean zaude, bizpahiru metrora. Zure gorputzaren pisuari eutsi behar diozu, eta estetikoa izaten ahalegindu behar zara. Ez da bakarrik erronka fisikoari eustea; sorkuntzatik ere badu. Gainera, jendeak pentsatzen du Pole dance-a erraza dela, edonork egin dezakeela. Baina ez. Lehenik, indarra behar duzu barrara igo ahal izateko, eta, bigarrenik, elastikotasuna behar duzu; nik, adibidez, bigarren horretan trebatu beharra daukat oraindik. Finean, bi ezaugarri horiek batera lantzen dituzu.

Horrez gain, min handia egiten du: metalezkoa da barra eta zure gorputzeko hainbat atalekin eutsi behar zara, besteak beste, belaunaren atzealdearekin edo hankartearekin. Azalak zure pisuari eutsi behar dio. Barrak azala erretzen dizu, hots, gorrituta, minduta, zein ubelduta egon ohi da hasieran. Beraz, gorputza ohitu egin behar da. Irakasleak beti esaten digu azala ondu egin behar dela, zurratu. Badaude hainbat gauza mina ekiditeko, baina oztopoak dakartza, ez baitzara barrara behar bezala itsasten. Horrenbestez, ez da gomendagarria, azala, lehenago edo beranduago, ohitu egin behar delako. Hasierako hilabeteetan mina ematen du, baina gero ohitu egiten da gorputza. Nire kasuan, esaterako, azaleko hainbat zonalde onduta ditut; besaurreak eta lepoa, ordea, minduta.

Erraza al da lesionatzea?

Gutxienez, hiru metro neurtzen ditu barrak, oro har. Arriskutsua izan daiteke zure kabuz hasiz gero. Garrantzitsua da akademia batera joatea eta profesionalen esku egotea, alegia, beren bidez ikustea zeintzuk diren zure gorputzaren mugak. Jende asko lesionatzen da barran irristatuta. Horretarako, maiz, grip edo magnesioa erabiltzen da, hobeto itsasteko. Niri ez zait ezer gertatu apurka-apurka joan naizelako. Halaber, ezagutzen dut jendea urtebetez lesionatuta egon ostean berriro ere martxan jarri dena. Hiru metroko barratik eror zintezke, eta, buruz behera egonez gero, adibidez, arriskutsua izan liteke.

Feeling Woman akademiara joaten zara zu Pole dance klaseak jasotzera.

Jende askok egiten du Bartzelonan Pole dance eta nabarmenki egin du gora joerak. Ez dut akademiaren izena batere gustuko, estigma baten erakusle delako. Aitzitik, oso giro erosoa dago akademian. Europako eskola onena da: hiruzpalau mailatan banatuta dago, eta azterketa egin beharra daukazu batetik bestera igarotzeko, oinarrizko gauzak jakin behar baitituzu aurrera egiteko. Bigarren mailan nago ni.

Zenbat gizon daude akademian?

Ez asko, nahiz eta orain mutil gehiago etortzen hasi diren. Nahiko mundu “femeninoa” da, dakarren estigmagatik. Beti izan da oso jarduera sexualizatua, emakumearen gorputzarekin lotu ohi delako. Egun, Pole sport-ak indarra hartu duenetik, gizon gehiago dator akademiara.

Jende askok lotzen du gaueko giroarekin, striptease jardunarekin.

Bai, hala da. Horixe da dituen hamaika estigmetako bat. Beti lotu da gaueko lanarekin, giro sentsualarekin. Baina kirol kutsua duen praktika da, eta uste dut ez zaiola eman merezi duen lekua eta aitortza.

Epaitua sentitu al zara inoiz Pole dance egiteagatik?

Jakina. Hasieran, esaterako, epaituta sentitu nintzen. Jarduerak nire interesa piztean ez nituen gizonak ikusten kirol hori egiten. Dena den, akademian ez naiz inoiz epaituta sentitu, eta mutilak ere badaude. Baina nabari da emakumeentzat zuzendutako kirola dela, eta nire ustez estigma handia dagoelako da, emakumeei zuzenduriko kirol gisa ikusten delako. Eta ez da begi onez hartzen gizonek femenino gisa ulertutako jarduerak egitea. Gizon gutxi daude mundu horretan eta daudenak gizontasun eredu hegemonikotik egiten dute ihes, oro har. Betidanik erakarri izan nau Pole dance-a, eta horregatik eman nahi nion aukera bat. Oso gustuko dut, eta indarra zein elastikotasusa eskuratzen ari naiz.

Lotsa sentitu izan dut zenbait girotan Pole dance egiten dudala esateko. Isildu izan dudan zerbait da, eta ez dut ezer esan, epaitua izateko beldurra sentitu dudalako. Sentitzen dut oso erraz kritikatzen duela jendeak, ezezaguna zaielako. Uste dute gaueko lanari bideratutako jarduera dela, alegia, striper-edo izan nahi duzulako egiten duzula Pole dance. Eta ez.

Zaila izan al zen akademian sartzeko erabakia hartzea?

Bai. Orain lau bat urte ezagutu nuen mundu hori lagun baten eskutik. Baina duela gutxi erabaki dut aurrerapausoa ematea, luze hausnartu ostean. Egun, gizon erreferente gehiago dago eta asko eskertzen dut hori, lehen ez baitzegoen kasik. Feelin Woman akademiaren izenean bertan islatzen da zein den mundu horren errealitatea. Horregatik kostatu zitzaidan hasieran. Hala ere, azkar konturatu nintzen izena izena dela eta akademian bost axola zaiela neska ala mutila zaren. Ez zaituzte epaitzen.

Zer ematen dizu zuri Pole dance-ak?

Egia da juxtu Pole dance-an hasi aurreko urteetan zerbait sortzailea egiteko gogoz nengoela, eta banekien, modu batera edo bestera, dantza egin nahi nuela. Pole dance-arekin topo egitean ikusi nuen dantzatik ez ezik, jarduera fisikotik ere bazuela. Nigan konfiantza izaten erakutsi dit. Lehen, esaterako, ez nuke inondik inora sare sozialetan bideo bat igoko ni Pole egiten. Orain, apurka, gauzak aldatzen ari dira eta nigan konfiantza irabazi dut. Lotsak eta beldurrak galtzen lagundu dit Pole dance-ak. Oso mundu irekia da, eta Pole egiten duen jendeak ez zaitu inoiz epaituko. Askatzailea da jende askorentzat. Akademian nork bere istorioa du, askotariko tokietatik gatoz. Oso interesgarria da: pertsona gisa asko laguntzen du hazten, jendearen errealitateak ikusten eta ikasten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!