Urnietako AEK-k euskaltegien alde egiteko deia luzatu die herritarrei

Aiurri 2021ko mar. 12a, 12:57

Hamaika txokotan barrena, Euskal Herria zeharkatu behar zuen aurten KORRIKAk. Baina, beste hainbat hitzordu legez, ez da posible izango. Aitzitik, AEKren eskutik ekitaldi-sorta izango da euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko asmoz: “Bultza euskaltegiak!-Bultza euskara!”. 

Martxoaren 28an, igandea, kalera irtengo dira urnietarrak euskararen zein euskaltegien alde egiteko. Etxeberri plazan bilduko dira eguerdiko 12:00etan. Horiek horrela, hitzorduari bultzada emateko, laguntza eskatu dute herriko AEKtik: "Gure proposamena da bideo txiki bat grabatzea herriko eragileekin zein herritarrekin". Bideoa horizontalean grabatzea eskatu dute, eta laburra bezain argia da bertan adierazi beharreko mezua: "Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! Martxoaren 28an gu ere Etxeberri plazan egongo gara!". 

Parte-hartzaileek bideoa Urnietako AEKra bidali behar dute, alegia, honako zenbaki honetara: 662 33 87 47. Bideoa sareetan zabalduko dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!