Zuhaitz eguna ospatu dute gaur Urnietan

Aiurri 2021ko mar. 18a, 12:13

Zuhaitz Eguna ardatz, haritzak landatzera hurreratu dira Langarda aldera zenbait urnietar gazte, hain zuzen ere, Egape Ikastolako zein Magale ikastetxeko ikasleak: Lehen Hezkuntzako bosgarren mailakoak zein eta Bigarren Hezkuntzakoak. Eremu horretan dagoen hariztiari jarraipena emateko asmoz, urtebeteko kimuak ipini dituzte. 

Lanabasak ez dituzte eskuz esku pasa, Koronabirusari aurre egiteko neurriak medio. Hala ere, udal langileen alboan egon dira ikasleak uneoro, eta elkarlanean landatu dituzte haritzak. Lur-sail horretan ardiak izan ohi direla kontuan harturik, zuhaixka bakoitza hesituko dute aurki, babesteko. 

Basoaren Nazioarteko Eguna

Basoa dute mintzagai Eskola Agenda 2030 programaren barruan  diren hamaika herritako ikastetxeek. Horiek horrela, martxoaren 21n Basoen Nazioarteko Eguna ospatzen denez, Zuhaitz Eguna data horrekin lotu dute gaurkoan. 

“Basoak ernatzen” proiektuaren barruan Gipuzkoa mailan 50 ikastetxe baino gehiagok parte hartu dute, Urnietako lau ikastetxeak barne. Horrela, aste honen barruan herri bakoitzean landaketak egingo dira “Basoaren astea” ekimenari lotuta.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!