Urnietako senior taldeek garaipen garrantzitsuak eskuratu dituzte asteburuan

Aiurri 2021ko api. 13a, 11:04

Urnieta Artola Harategia taldea mailari eusteko lanean ari da. Geroz eta gertuago dago Gure Auzune gasteiztarrei irabazita. Emakumezkoen taldeak, berriz, lidergotzari eutsi dio asteburuko garaipenarekin. Biak ala biak, berebiziko garaipenak.

Urnieta Artola Harategiak garaipen garrantzitsua eskuratu zuren Gure Auzune talde gasteiztarraren aurka; izan ere, Euskadiko txapelketako play-offak jokoan zeuden. Zazpi goleko errentaz eskuratu zuten urnietarrek garaipena (35-28). Markagailuan alde handia nabari den arren, partida parekatua eta oso orekatua izan zen. Oraindik ez dago ezer erabakita, izan ere bueltako partidaren zain egongo dira urnietarrak. Gauzak horrela, partida gogorra eta ikusgarria izatea espero da.

Bestalde, Urnieta quel Abogados taldea Gipuzkoako Txapelketako B multzoko liderrak dira, igande goizean Txingudiri irabazita eta Tolosa Eskubaloiaren porrota baliatu ondoren (29-16). Partida bikaina jokatu zuten urnietarrek eta aurkariaren gainetik igaro ziren. Ez hori bakarrik, jubenilen parte hartzea ezinbestekoa izan zen taldea indartzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!