‘Ezina ekinez egina’, dortsala janzteko grina

Andoni Urbistondo 2021ko api. 15a, 10:13

28 bat kilometroko saioa egingo du larunbat honetan, Jokin Lizeagak. Urnieta inguruko mendietan, Asturiasen istripu larria jasan eta hiru urtera, herritarren aurrean ospatu nahi du itzulera.

Tuneletik atera dela esatea gehitxo esatea izango da, baina amesgaiztoaren azken atalak bizitzen ari dela akaso ez hainbeste. Jokin Lizeaga tunelaren irteera sumatzen hasi da, eta larunbat eguerdi aldera argi hori handixeagoa izateko esperantza dauka. Goizean goiz dortsal bat jantziko duelako aspaldiko partez, korrika saio luze bati ekin, izerditu, sufritu… Lehiatu, aspaldi egin ez duen bezala. Hiru urte baino gehiago, hain zuzen ere. Asturiasko zulo madarikatu hartara jausi zenetik hiru urte bete ziren pasa den apirilaren 7an, eta azaroaz geroztik korrika saio batzuk egin ahal izan dituela ikusita, dortsala janztea erabaki du. Jokin-ek ez dauka denbora edo errekor jakinik egiteko erronkarik proban, baina behin oinetakoak jarrita, badaki daukana emango duela, gorputzak azken uneko ajeren batekin zigortzen ez badu. 28 kilometroko saioa osatu du, dagoeneko, oinaze handirik gabe, eta horrek indarra eman dio bere konfiantzari. Gorputzak azken hiru urteetan eman dizkion ezustekoekin ere gogoratzen da, sarri, ordea, eta tentuz jokatu nahi du.

Herriari, lagunei, familiari hiru urte hauetan jaso duen babesa bueltatu nahi die korrikalariak, eta horregatik aukeratu du bost mendiko ibilbidea, Urnieta inguruan dauden bost mendi ezagun, hain zuzen ere. Urnietako plazatik abiatuko da, goizeko bederatziak jota. Besabira igoko da Miallus, Benta eta Xoxokan barrena. Handik Belabietako errekara, eta Eteneta aldera, Adarramendi ekialdera utzita. Onddora joan-etorria egin ondoren Adarramendi igoko du, ondoren Onddi, eta handik, ipar aurpegiko malda malkartsuan barrena, Hernaniko Portu auzora. Institutuko etxegunerantz egingo du ondoren, eta Santa Barbarako gotorlekua Saretxo aldetik igoko du. Pista eta errepide zati luzea osatu beharko du ondoren Lizeagak, Azkorte ermitaraino, eta handik Buruntzako gurutzeraino. Itzuliko bidea leku beretik egingo du, baina kiroldegi gaineko aparkalekura jaitsiz. Pintore kalean barrena Zaldundegin gurutzatuko du errepidea, eta Aldapeta edo Astoen Aldapan gora San Juan plazara iritsiko da Jokin.

Mendietara hurbiltzeko deia

Jokinek berak jende asko erakartzea espero da, kirolari ezaguna baita Euskal Herrian eta eskualdean. Euskal Telebistako kamera eta kazetariak ere irteeran izanen dira, korrikaldiaren berri emateko. Eguraldi ona espero da larunbaterako, lehorra eta freskoa, eta Adarramendi aldeak berez jende asko erakartzen duenez, egun horretan ere Jokin animatzera jendea hurbiltzea espero da. Lizeagak berak bertaratuko diren guztien babesa eskertu nahi izan du, proba eguna iritsi aurretik.

San Juan plazan abiatu eta amaituko den lasterketa

  • Eguna: Apirilak 17, larunbata.
  • Ordua: 09:00.
  • Abiapuntua: San Juan plaza.
  • Helmuga: San Juan plaza.
  • Distantzia: 28 kilometro.
  • Ibilbidea: Urnietako plazatik Onddo igoko du aurrena, Etenetan barrena. Ondoren Adarramendiren txanda izango da, gero Onddi, handik Hernanira jaitsi eta Santa Barbarara abiatzeko, Saretxo aldetik. Eta azkena, Buruntza, Azkorteko ermitan barrena. Buelta bide beretik.
  • Erronka: Lizeagak ez du markarik egiteko asmo berezirik, baina bi ordu eta erdiren bueltan egitea espero du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!