“Loreei esker, denda bizia bezain koloretsua da"

Alba Cabrera 2021ko api. 16a, 09:00
Mirari Etxebeste eta Aida Garcia gazteak, loradenda barruko instalakuntzatan. aiurri

Orain zenbait hilabete itxi zuen Urnietako Edurne loradendak. Harrezkero, hutsik egon da. Alabaina, aurki irekiko ditu berriro ateak, itxuraldatuta.

21 urte betetzear dira Mirari Etxebeste nahiz Aida Garcia, baina gogotsu daude proiektu berriari ekiteko: Kolore loradendaren jabeak dira.

Nondik dator dendaren izena?

Mirari Etxebeste: Niri bururatu zitzaidan dendari izen hori jartzeko ideia. Gainera, hitz-joko polita egiten du, ko-lore. Ildo beretik, gure denda bizia bezain koloretsua da, loreei esker.

Nola iritsi da zuenera loradenda irekitzeko aukera?

Aida Garcia: Amak aipatu zidan aurretik egondako jabeak utzi egin behar zuela, eta, beraz, horri jarraipena emateko ideia proposatu zidan. Hasieran, ez nintzen prest ikusten, ez bainuen sekula denda bat izan aldez aurretik. Baina Mirariri proposatzea otu eta horrelaxe murgildu gara honetan.

Inoiz izan al duzue lorezaintzaren munduarekin harremana?

M.E.: Betidanik gustatu izan zaizkigu loreak, nahiz eta inoiz ez jardun alor horretan. Orain, hainbat formakuntza egin ditugu, eta jarraituko dugu ikasten.

Zer da lorezaintzatik gehien gustatzen zaizuena?

M.E.: Sortak egitea oso gustuko dut. Teknika behar da.

A.G.: Bai, baita niri ere. Horrez gain, zentro edo mahai-apaingarri delakoak egitea ere gustuko dut.

M.E.: Zenbait gauza egitea konplexua da. Guk denetatik saldu nahi dugu, zerbitzu zabala eman: lore-sortak, koroak, zentroak....

Nolakoa da negozio bati ekitea hainbeste ixten ari diren garaiotan?

M.E.: Motibazioa zein gogoa eduki behar dira. Zaila izan da, tramite luzea egin behar delako, eta, orain, gainera, are konplexuagoa da, egoeragatik. Borrokatu dugu eta lortzear gaude. Egia da sektoreak ez duela bizi egoera ona, baina beste guztiak bezala.

A.G.: Hori da, oro har, guztiak daude gaizki. Baina egia da beste hainbat esparruk baino egoera hobea bizi duela gureak. Jende ugari etorri da ea noiz irekiko dugun galdezka. Guztiek galdetzen digute ea loradenda izango den. Betidanik izan da, eta guk jarraipena emango diogu.

Jendearen jakin-mina apur bat asetzeko... Noiz irekitzeko asmoa duzue?

A.G.: Ahal bezain laister. Egin beharreko zereginak egin ditugu guk, tramiteek atzeratu digute prozesua.

M.E.: Hori da,  espero dugu azkar baino lehen izatea, izan ere, jendea gogotsu dago, baita geu ere. Espero dugu herritarrak gerturatzea, eta animatzea.

A.G.: Irekiera-ekitaldia egiteko asmoa genuen, baina ez da posible izango, egoera epidemiologikoa medio. Hala ere, sorpresa berezia dugu esku-artean urnietarrentzat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!