Egapeko eta Magaleko LH6-ko ikasleek ‘Parte Hartuz 2021’ prozesuari ekarpenak egingo dizkiote

Aiurri 2021ko mai. 12a, 11:25

Urnietako Udalak herritarren parte-hartzea sustatzeko helburuz ipini berri du martxan “Parte Hartuz 2021” programa. Orain arte, parte-hartze prozesuak 16 urtetik gorako urnietarrei bideratuta egon dira, baina, aurten, ikastetxeen bitartez, Egapeko eta Magaleko Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleen ekarpenak jasoko dira.

Saio pedagogikoak burutu dira ikasleekin, parte-hartze prozesuen funtzionamendua eta helburuak azaltzeko, baita proposamenak balekoak izateko bete beharreko baldintzak argitzeko ere. Aste honetan izan dira ikasleekin Jorge Segurado Urnietako alkatea eta Mikel Pagola zinegotzia. 

Halaber, aurreko urteetan onartuak eta baztertuak izandako proposamenen gaineko adibideak jarri zizkieten ikasleei, aurretik emaniko azalpenak adibide praktikoekin errazago ulertzeko.

Orain, bigarren lan saio bat egingo dute LH6ko ikasleek, gela bakoitzak Udalari egingo dizkioten proposamenak adosteko. Horretarako epea izango dute maiatzaren 21 arte.

Aurrekontu irekien parte hartze prozesura bideraturiko 150.000 euroetatik 15.000 euro erabiliko dira ikasleek gauzaturiko proposamenak egiteko. 16 urtetik beherakoekin egindako lehen esperientzia amaitu ostean, ebaluatu egingo da, baina asmoa hurrengo urteetan jarraipena ematea da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!