“Vueltako azken bi asteetara fresko, lehiakor iritsi nahi dut”

Andoni Urbistondo 2021ko uzt. 19a, 09:00

Mikel Iturria Sierra Nevadan dago, altuerako prestakuntza egiten hiru astez, eta berora egokitzen, Espainiako Vuelta hegoaldean ibiliko baita aste eta erdiz; abuztuaren 14an hasiko da

Ziklistek altuerako prestakuntzak egiten dituzte sarri. Egonaldi luze samarrak dira, bizpahiru astekoak, eta sasoia fintzeko helburua dutenak. Etxetik urrun, bizitza monotonoa egiten dute txirrindulariek, nekagarria, baina errendimendua hobetzeko bidean funtsezkoak. Iturriak denboraldi honetako hirugarren stage-a du altueran, eta larunbatean bueltatuko da etxera, hilaren 25ean Ordizian lehiaketara bueltatu eta Vueltari begira erritmoa hartzeko.

Sierra Nevadan zaude, altuerako prestakuntza egiten. Zer moduz doa?

Luze samar dagoeneko. Hiru asteko egonaldia da, denboraldiko hirugarrena jada. Astun samarrak izaten dira egunak aurrera doazen neurrian, baina tira, badakizu egin beharreko gauzak direla.

Non zaudete, zehazki?

CAR edo Errendimendu Handiko Zentro bat dago Sierra Nevadan (Granada, Espainia), 2.320 metrora. Instalakuntzak oso egokiak dira kirolariontzat, eta ziklista asko etortzen da. Eliteko kirolarien izaera dugunez, baldintza ekonomikoak onak dira hemen egonaldi luzexkak egiteko. Espainiako Vueltak aste eta erdi egingo du Mediterraneo inguruan, eta Madrildik hegora, abuztu betean, eta berora ohitzeko ere toki ona da.

Beroa iritsi al da bertara?

Bai, bai, hemen ez du barkatzen. Bailarara jaisten garen egunetan, eguerditik aurrera zaila da bizikletan ibiltzea, 40 gradura gerturatzen baita tenperatura. Normalean goi aldean ibiltzen gara, 1.700 eta 2.500 metroen artean, beroarekin ez kiskaltzeko. Eski estazio inguruan ere bada 6-7 kilometroko zirkuitu antzeko bat, eta hor bueltaka ibiltzen gara. Bestela Hoya de la Mora izeneko parajera igotzen gara, 2.500 metrora. Ahal bada pixka bat gehixeago ere bai, Veleta mendira daraman pistatik, baina errepidea ez da ona.

Altuera handia da hori. Oxigenoarekin-eta ondo?

Normalean 2.500 metrora buelta ematen dugu. 2.300 metrora egiten dugu lo, eta gorputza ohitu egiten da altuerara azkenerako.

Nolakoa da zure egunerokoa Sierra Nevadan?

Monotono samarra. Goizean jaiki, gosaldu, prestatu, eta 09:30ak aldera entrenamendua hasten dugu. Bakoitzak daukan lan saioaren arabera, bazkalordurako edo bukatzen dugu. CAR egoitza dagoen tokian ere beroa egiten du, ez bailaran bezainbeste, baina komeni eguneko ordu beroenak saihestea. Bazkaltzen dugu, atsedena hartu, orain Tourra ikusi, lasai egon, afaldu eta ohera. Gorputzak atsedena behar du, entrenamendu gogorrak egiten ditugulako, eta ordu asko pasatzen dugu indarrak berreskuratzen.

Aisialdi aukeraren bat baduzue bertan?

Pradollano herria daukagu gertu, eta batzuetan kafetxo bat hartzera joaten gara, arratsalde partean, beroa gutxitzen hasten denean. Baina gehienetan CAR egoitzan bertan geratzen gara, gure gelan lasai. Entrenatu eta atsedena hartu, horiek dira eguneroko osagai nagusiak.

Espainiako Vueltak Almerian, Velefique gainean egingo du geltokia, baita Valdepeñas de Jaen-en. Etapa horiek ikuskatzeko aukera izan duzu?

Ez. Hemen distantziak luzeak dira, eta autoarekin hara eta hona ibiltzeko gogo handirik ez dugu izaten. Bi urte atzera etapak zehatzago aztertu nituen, aurten momentuz gainetik bakarrik aztertu ditut. Nire ardura bakarra Vuelta hasierara ahalik eta ondoen iristea da, eta gero gerokoak.

Oraindik hilabete luze falta da Vuelta hasteko, nola iritsiko zara?

Sentsazio onak ditut. Konfiantza daukat. Sasoi puntu egokian iritsiko naizela uste dut, eta behin lasterketa betean, sortzen diren aukerak ondo baliatzea da gakoa.

Zein izango da zure erronka Vueltan? Etapak edo sailkapen nagusia?

Etapen bila joango naiz. Etapa egokiak hautatu behar ditut, ihesaldi ona hartu eta irabazten saiatu. Gero, eta ahal bada, jauzi bat eman, eta onenengandik hurbil egon sailkapenean. Baina etapei lehentasuna emanda, beti ere. Vueltako azken bi asteetara fresko, lehiakor iristeko esperantzarekin antolatu dugu prestakuntza guztia, ea asmatzen dugun. Ez dut intentsitate handirik sartu, lan saioetan, Vuelta bukaerara hobeto iristeko. Itxuraz aurtengo Vueltako lehen astea beste urteetan baino lasaiagoa izango da. Etapa lauak daude, Picon Blancoko bukaera izan ezik, Burgosen, baina bertan, eta gauzak normal, sailkapen nagusiko txirrindularien artean behar luke etapa garaipenak. Gero akaso ihesaldia iritsiko da, ezin jakin. Ziklismoa, dena den, ez da matematika. Lehen astean ihesaldi aukeraren bat baldin badago, ba saiatuko naiz. Ihesaldi gehiago hartzea gustatuko litzaidake, aukera gehiago izateko. Orain bi urteko Vueltan bi ihesalditan sartu nintzen, biak onak izan ziren, maila handiko jendea sartu zen. Protagonista izan nahi nuke.

Beroaren gaia aipatu duzu. Zuen jarduna baldintzatzen duen faktore garrantzitsua da.

Bai, ez gaudelako ohituta. Horregatik etortzen gara Espainia hegoaldera, hemengo baldintzekin ohitzeko. Duela bi urte Malagan hasi zen Vuelta, eta lehen astean sekulako beroa egin zuen. Kosta zitzaidan moldatzea, hasieran, baina gero gorputza ohitu zen. Aurten abuztuko azken 10 egunetan Espainia hegoaldetik ibiliko gara, bero handia egin dezake, eta gehiegi ez sufritzea espero dut. Iraila hasten denerako Espainia iparraldean eta Galizia aldetik ibiliko gara, eta gaitzerdi, han gusturago ibiliko gara.

Bi urte atzera Urdazubin bukatu zen etapa zeneukan begiz jota, eta baita asmatu ere. Bakarren bat hautatu al duzu aurtengo Vueltarako?

Ez, ez daukat etapa bat markatuta. Etapa askotan izan nahi nuke protagonista.

Espainiako Vueltako jardunak finkatuko du zure denboraldiaren azken nota, baina orain arte egindakoaz ze balantze egiten duzu?

Euskal Herriko itzulia hasi arte nahiko gustura ibili nintzen. Azaroa geldirik eman nuen lepauztaia hautsita, eta horrek plangintza eraldatu zidan apur bat. Pedal kolpe on-onik ez nuen izan Itzulian, baina ekaina erdialdean ondo aurkitu nintzen. Protagonista izan naiz lasterketa batzuetan, baina zorte apur bat falta izan zait. Mallorcan garaipenetik gertu egon nintzen. Hankak baneuzkan gorago egoteko, baina aurkariak ere onak ziren. Lehiakor sentitu nintzen, eta konfiantzarekin nago.

Zein egutegi izango duzu Vuelta hasi bitarte?

Larunbata izango da nire azken eguna Sierra Nevadan, hemendik etxera. Han entrenatzen jarraitu, eta Ordiziako Sari Nagusia korritu uztailaren 25ean. Aurrean ibili nahi nuke. Hileko azken egunean Donostiako Klasika egingo dut, eta ondoren Burgosko Itzulia, abuztuaren 3tik 7ra, eta gero Vuelta, abuztuaren 14tik irailaren 5era. Hilabete eta erdi da, bete-betean egin beharrekoa. Erraza ez, batez ere mentalki, baina prest nago.

Tourra ikusten ari zarela esan duzu. Gazteak nagusi, maila bikaina ematen ari dira. Ikusgarria izaten ari da proba.

Beno, gazteak, eta zaharrak ere bai. Dena ez dute gazteek egin. Hor dago Mark Cavendish, Richie Porte ere txukun aritu zen Dauphinen… Ni neu ere gero eta indartsuago sentitzen naiz, eta 29 urte ditut dagoeneko. Orain dela 10 urte txirrindulari onak zirenak onak izaten segitzen dute oraindik, hori ez da aldatu.

Inoiz baino azkarrago doaz, inoiz baino maila hobea omen dago tropelean. Ados, iritzi horrekin?

Batez ere maila ona, abiadura, itzuli txikietan nabaritzen dela esango nuke.

Itxuraz sekulako parte hartzea izango du Vueltak, talde indartsu asko irteeran. Hori ona da zuretzat, ez?

Ikusi egin behar. Normalean talde bat nagusi izatea, lasterketako aginte-makila hartu eta kontrol lana egingo duena ona da guretzat. INEOS-ek hartu zuen ardura Giroan, eta ihesaldi asko arrakastatsuak izan ziren. Talde indartsuek lasterketa kontrolatu nahi izatea ona da ihesaldiak bilatzen ditugunontzat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!