Garbiketa-lanak egin dira Onddi, Arlegor eta Manttale inguruko lur-sailetan

Aiurri 2021ko uzt. 20a, 13:41

“Goilarre” programari esker Gipuzkoako Lurralde Historikoko mendi publikoetako larreetan hobekuntzak gauzatzen dira; orain, berriki, Adarra mendiaren inguruko lurretan geldialdia egin du egitasmoak.  

Lan horiek Gipuzkoako Foru Aldundiak programatzen ditu, eta antolaketa horretan, Onddi, Arlegor eta Manttale inguruko sailak garbitu dira aurten, 24 hektarea, hain zuzen. Horrela, mendietako larreen egoera hobetzen laguntzen da eta bertako abereentzat bazka hobeak lortzen dira.

Urnietako Udalak larreen mantenu eta hobekuntzetarako diru-sail bat bideratzen du urtero. Aurten, 6.000 euro erabili dira zeregin horretarako eta Foru Aldundiak ere ekarpena egin du. Elkarteak bere aldetik bere lana eskaintzen du. Diru kopuru hori, larreen hobekuntzaz gain, eremuko bideak egokitzera, eta itxiturak eta ganadua behar den moduan kudeatu ahal izateko baliabideak jartzera bideratzen da.

Auzolana

Urnietako mendi publikoetara ganadua eraman nahi duten ganaduzaleek Adarra- Usabelartzako elkarteko kide izan behar dute. Kide horiek haien artean auzolanean jarduten dute eta, era berean, Udaletxearekin eta Foru Aldundiarekin elkarlanean aritzen dira zaintza eta konponketa lanak eginez.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!