“Profesional baten bizimodu zorrotzak eraman nau agurrera”

Andoni Urbistondo 2021ko ira. 18a, 09:00

Lau urte egin ditu profesionaletan, Euskaltel-Euskadi taldean, baina lesioak eta profesional bizitza zorrotzak ilusioa lapurtu diote; ikasten hasi da, eta beste kirolak probatzen.

Pasa den larunbatean egin zuen publiko bere agurra Mikel Alonsok (Urnieta, 24 urte). Etapa bat itxi du bere bizitzan, hamabost urtekoa, bizikletari emandakoa. San Juan plazan batzartu da Aiurrirekin, eta agerikoa da ez dagoela ohituta kamara aurreko elkarrizketetara. Malko batzuk ere isuri ditu, erantzunen batean, bidelagun izan dituen guztiak gogoan. Baikor da, ikasketak ditu begiz jota, eta kirol berriak probatzen hasia da dagoeneko.

Ziklo bat bukatutzat ematea erabaki duzula iragarri zenuen pasa den astean sare sozialetan. Zergatik hartu duzu txirrindularitza uzteko erabakia?

Beno, betidanik asko gustatu izan zait txirrindularitza, baina profesionaletara pasa nintzenetik kontrakarrean ibili naiz urtero, lesioren bat beti, gustura ezin aritu. Ilusioa galtzen ere joan naiz pixka bat, profesional bizimoduak eskatzen duen egunerokoarekin: gogor entrenatu, zaindu, eta bizikletan bakarrik pentsatu behar hori. Aurten ezker hankan arazo fisikoak izan ditut, ziatika antzeko bat. Hankak lo hartzen zidan mendian gora hasten nintzenean, eta muga hori izan da erabakia hartzera eraman nauen azken arrazoia. Hilabete pasa daramat ja bizikletan ibili gabe, eta gertukoek bazekiten ez nuela tropelean jarraituko.

Nola esan zenien etxekoei, neska-lagunari, koadrilako lagunei?

Erabakia zaila izan da. 15-16 urte eman ditut bizikleta gainean, eta ilusio handia neukan profesionaletan bidea egiteko, lorpenak izateko. Ez da posible izan, eta pena handia hartu dut, nire bizitzako erabakirik zailena izan da. Jarraitu, edo ez jarraitu, damutuko nintzela banekien, baina uztea erabaki dut. Pertsonalki erabaki ona da, pertsona bezala askeago sentituko naizelako aurrerantzean, gehiago haziko naiz. Etxean babes handia eman didate. Bai gurasoek, anaiak, neska-lagunak eta koadrilako lagunek. Bereziki eskertu nahi nieke gurasoei eta anaiari eman didaten babesa, bai onean, bai txarrean. Haiek gabe ez nuke lortuko iritsi naizen lekura iritsiko. Beti animatu naute, eta azken erabaki hau hartu dudanean ere bai.

Bizimodu profesionalaren exigentzia aipatu duzu. Zehaztu zenezake gehixeago?

Txirrindulari profesionalaren bizitza estiloa gustukoa izan behar duzu, irauteko. Ez da bakarrik egunero ordu batzuk entrenatu behar izatea, zaindu egin behar duzu, atsedena hartu… Bizikletarekin eta bizikletarentzako bizi behar duzu, eta horrek energia asko kontsumitzea dakar. Izan liteke zenbaitzuk dohain edo gaitasun horrekin jaiotzea, baina ez da nire kasua izan, motibazio handia behar duzu. Ez naiz bakarra. Hor dago Tom Dumoulinen kasua, milioi euroko soldata izan, eta bizikletarekin nekatu, kito esan behar uneren batean. Txirrindularitza, agian, ez da uste dena bezain polita edo erraza. Diziplinatua izan naiz, baina ni bezalako gazte guztiak bezala disfrutatu nahi izan dut. Disfrutatu diot, ba lagunekin terrazaren batean egotea arratsetan, edota neskarekin planen bat egin, edo gurasoekin egon. Otorduetan dena neurtu behar hori, bihar sei orduko entrenamendua daukazulako. Zure bizitza programatua dago, eta askotan entrenatzeko gogorik izan gabe, jarraitu egin behar duzu. Eguneroko exijentzia horrek ito du nire kemena. Gure bizitza desberdina da, eta kanpotik, akaso, ez da sumatzen, baina barruan gaudenok badakigu zer dagoen.

Zein balantze egiten duzu? Lau urte egin dituzu profesional mailan, denak Euskaltel-Euskadi taldean.

Niretzat oso ona. Fundazioan korritzea izan da betidanik nire ametsa, bederatzi urte nituenetik, eta lau urte korritu ditut talde horretan. Esan dezaket profesionaletan korritu dudala, eta horrek betetzen nau. Garaipenik ez dut lortu, podiumen bat edo beste bai, alboan ziklista onak izanda. Momentu onak pasa ditut, afizionatu nintzela ere Fundazioarekin aritu nintzen beraiekin, zazpi urte denera.  Nire bigarren familia izan da, eta oso une hunkigarriak, politak pasa ditut beraiekin. Emaitzetatik harago, oso etapa polita izan da niretzat.

Zer esan zizun Jorge Azanza kirol zuzendariak, utzi egingo zenuela esan zenionean?

Pena hartu zuen. Espero zuen berria zela esango nuke. Bere babesa eman zidan, bere etxera gonbidatu ninduen bazkaltzera, eta oso hunkigarria izan zen. Besarkada bat eman nahi zidala esan zidan, eta une polita izan zen oso. Jorge niretzat aita baten parekoa izan da [malkoak isuri zaizkio].

Zein oroitzapen on gogoratzen dituzu, ixtear den etapa honetatik?

Ba denetan onena nire lehen kontratu profesionala sinatu nuenekoa, nire urtebetetzea baitzen. Gero Gotzon Martinek garaipena lortu zuenekoa. Nire lagunik onena da, taldean. Emaitzetatik harago, lasterketetako dinamikan egiten dituzun harremanak baloratzen dituzu, sortzen diren sentimenduak lagun batek irabazten duenean. Eta zuk hori lortzeko lana bere alde egin baduzu, ba sekulako sentsazioa da. Zuk irabaztea demasa da, baina taldekide batek irabaztea ere bai. Gotzon Martinekin muturrekoka ibili naiz bizikleta gainean jarri nintzenetik, 12 urte nituenetik. Jorge Azanzaren eskutik egin dugu bidea biok, eta aurrerantzean ere Gotzon bera eta Euskadi Fundazioak korritzen duen lasterketetara joango naiz, taldekideak izan direnak animatzera. Txinparta hori bero mantentzen da bihotzean, erretiratuta ere.

Txirrindulari profesionalaren errutina faltan botatzeko beldurrik bai?

Bai noski. Botatzen ari naiz, dagoeneko. Hutsa bezala sentitzen ari naiz egun hauetan, ze egunero daukazu erronka jakinen bat, helbururen bereziren bat. Orain ja ez naiz irteten entrenatzera. Urte pilo bat daramatzat egunero gauza bera egiten, inertzia bat hartzen duzu nahi gabe, eta orain, errutina hori gabe, faltan botatzen duzu. Ohituko naiz, dena den.

Zer egingo duzu aurrerantzean?

Beno, ingeniaritza mekanikoko ikasketak hasi nituen, eta utzi, bizikletan zentratzeko. Bigarren kurtsoko hiruzpalau ikasgai atera nahiko nituzke aurten, eta gero hurrengo bi kurtsoak. Langabezi saria ere izango dut, gauzak ondo, eta horrekin iraun, ikasketak bukatu arte.

Eta kirol munduan zer?

Ez dakit. Gauza berriak probatu beharko ditut, orain arte egin ezin nituenak. Korrika hasi naiz, baina sekulako hanketako mina jarri zait. Palan ere hasi naiz, lagunekin, baina begira nola daukaten esku-azpia, babaz beteta. Mendira irteerak ere egiten hasi beharko dut lagunekin, eta orduan asko gozatuko dudala uste dut, aisi aukera gustukoa, errendimendua kaltetu dezakedala pentsatu gabe. Gozamena bakarrik.

UZE txirrindulari elkarteko lagunek esan didate ongi etorria izango zarela, errelebo batzuk eman nahi izatekotan…

"Pike" nahiko eduki ditut azken urteetan. Orain ondo osatu behar naiz, hankan daukadan gaixotasunagatik, eta gero gerokoak. Bizikleta profesionalki utzi egingo badut ere, berriro ibiltzeko grina sartuko zaidala esango nuke. 15 urtean hain lotura estua izan, eta bat-batean hori atzean uztea erabat, ez da logikoa. Orain buruko atseden pixka bat behar dut bizikletari dagokionez.

Zerbait gehiago esan nahi duzu?

Etxekoei eskerrak eman dizkiet, baina modu batean edo bestean laguntza eman didaten guzti-guztiei ere nire esker ona, nire ametsa lortzen lagundu didatelako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!