Langile bat hil da gaur Urnietan, kiroldegiko obran lanean ari zela

Aiurri 2021ko urr. 15a, 11:23

Langile bat hil da gaur goizean Urnietan, kiroldegiko berritze-obran. Hormigoi kamioiarekin lanean ari zela gertatu da ezbeharra.  Urtea hasi zenetik, Gipuzkoan,  hamargarren heriotza da gaurkoa, eta 51 langiletik gora hil dira lan-esparruan Euskal Herrian, sindikatuek aditzera eman dutenez. Hala, gaur elkarretaratzea egiteko deia luzatu dute zenbait urnietarrek, San Juan Plazan, arratsaldeko 19:00tan. 

59 urte zituen Paulo Jose Fernandez Alvesek eta azpikontratatutako enpresa batentzat egiten zuen lan, Astigarragako Pavimentos Tecnológicos Zarrarentzat. Miguel Imaz enpresa ari da kiroldegiko berritze-lanak egiten, Urnietako Udalak hala esleituta.

ELA sindikatuak azaldu duenez, hormigoia botatzeko lanetan ari ziren obran eta, ikertzeke dauden arrazoiak medio, kamioiaren besoetako batek ekilibrioa galdu, luma mugitu eta langilea kolpatu du. Haren ondoan ziren bi langileak arriskuan izan dira. Hori horrela, LAB sindikatuak argi utzi nahi izan du, “lan heriotzen odolustea egiturazko arazo bat dela, ez sektoreka aztertu daitekeen arazo huts bat”. 

Gasteizen bizi zen langilea eta beste zenbait kiderekin batera etortzen zen egunero lanera. 

Elkartasun eta babes osoa adierazi dute bi sindikatuek, hildako langilearen familiari, baita gertukoei zein lankideei ere. Hala, datorren asteartean, eguerdiko 13:00etan, euskal gehiengo sindikala Urnietako Udaletxearen aurrean elkartuko da, lan-heriotza salatzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!