Abian da Plazido Muxika plaza estaltzeko parte-hartze prozesuaren bigarren fasea

Aiurri 2021ko urr. 25a, 09:34

Urnietako Udalak bi parte-hartze prozesu jarri zituen martxan maiatzean: batetik, 2022ko aurrekontuko 150.000 euro zertan inbertitu erabakitzeko; bestetik, herriko zein parke edo plaza estali hautatzeko. Azken prozesua horren emaitza da Plazido Muxikan gauzatu nahi den egitasmoa. 

Udaleko teknikariek 7 aukera planteatu zituzten aldez aurreko azterketa bat egin ondoren, baina herritarrek udalerrian dagoen beste edozein espazio proposatzeko aukera ere izan zuten. Azkenean, eremu bozkatuena Plazido Muxika plaza izan zen alde nabarmenarekin, eta Udalak berau estaltzeko konpromisoa hartu zuen.

Hasieran jakinarazi zen bezala, partaidetza-prozesu horrek hiru fase ditu. Lehenengoa herritarren bozketa izan zen, estali beharreko espazioa zehazteko. Orain, bigarren faseari eman zaio hasiera, urnietarrek aukeratutako espazioa nola estali zehazteko baliagarria dena.

Azaroaren 21, azken eguna

Azaroaren hirugarren asteburua izango da ideiak aurkezteko azken eguna. Bitarteko elektronikoak baliatuta (udalaren egoitza elektronikoaren bidez) aurkeztu beharko dituzte proposamenak gaitutako teknikariek. Udalaren webgunean atxikitako dokumentuetan zehazten dira besteak beste: deskribapena, baldintza teknikoak, kontratuaren aurrekontua eta aurkeztu beharreko dokumentazioa. 

Behin hori eginda, Udalak epaimahai bat eratuko du, hiru teknikarirekin; tartean izango da udal arkitektoa. Horiek hautatuko dituzte jasotako proposamen guztien artean egokienak iruditzen zaizkien hirurak, kalitate teknikoa, kanpoko itxura, ingurunera egokitzea, materialak eta prezioa kontuan hartuta. Azkenik, prozesu parte-hartzailea amaitzeko, urnietarren txanda iritsiko da berriro ere, hiru aukera horien artean gehien gustuko dutena erabakitzeko. 

Instalatuko den estalkiak plazaren 630m2 inguru estaliko ditu, prozesuaren hasieran aurreikusitakoa biano gehiago. Izan ere, plazaren geometria kontuan hartuta, proiekturako aurrekontua handitzea erabaki da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!