La Palmari laguntzeko azoka solidarioa

Aiurri 2022ko urt. 13a, 07:43

Guztira 570 euro bildu ditu Etxeberri elkarteak eta La Palmako bizilagunei bideratuko zaizkie irabaziak, elkartasunez. Abenduaren 29an eta 30ean izan zen azoka, eta bertan Andoaingo La Palmaren aldeko taldeak ere parte hartu zuen.

Gabonetako azoka solidarioa antolatu zuen iragan urte amaieran Etxeberri auzo-elkarteak. Hala, abenduaren 29an nahiz 30ean, bigarren eskuko objektuez bete zen herriko Etxeberri plaza, eta eskuratutako dirua La Palmako bizilagunei bideratu zaie. “Ez zen jende askorik etorri”, dio Estela Cuevas antolatzaileak, “beharbada, opor garaia zelako, edota positibo-kopuruak nabarmenki egin zuelako gora egun horietan”. Andoaingo azoka solidarioko taldea izan zuten lagun eta, Etxeberri plazako kidearen hitzetan, “elkar ezagutzeko baliagarria izan zen hitzordua”.

Erdia saltzea lortu zuten, gutxi gorabehera, eta, orotara, 570 euro bildu zituzten La Palmara bidaltzeko: “Oso harrera ona izan genuen herritarren partetik; askotariko objektuak jaso genituen azokan ipintzeko, arropatik hasi eta haurrentzako jostailuetara bitarte".

Biltegi batean dituzte gordeta azoka solidarioan saldu ez diren bigarren eskuko objektuak. Hori horrela, zenbait eragiletara bideratuko dituzte, besteak beste, SOS Arrazismora edota Caritasera. Lan handia eskatzen duen ekimena da elkarteak azaldu duenez, eta, batez ere, objektuen bilketa izan da zamatsuena Cuevasen hitzetan: abenduan, astero-astero, bi egunez elkartzen ziren bigarren eskuko objektuak jasotzeko.  Halere, aberasgarria izan da esperientzia Etxeberri elkartearentzat, baina, aurrera begira, haien ustez, hobe da urteko beste sasoi batean egitea, “Gabonen aurretik-edo, jende gehiago erakarri ahal izateko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!