Udal gobernutik zehaztapenak PSE-EEren oharrari

Aiurri 2019ko ira. 4a, 09:25

Batetik, festa batzordea organo irekia da. Edonork hartu dezake parte bertan eta Udal gobernuak bere autonomia errespetatu eta babesten du, altxor bat delako herritarrek festak antolatzea.  Bestetik, Zizurkilgo Udalbatzak euskara plana onartua du aho batez,  eta bertan euskararen normalizaziora bidean urratsak ematea jasotzen da, euskarari lehentasuna emanez, Zizurkilen euskara ulertzen dutenen kopuru oso handia ikusita guztia etengabe elebitan jartzea gainditu behar dela ondorioztatuz, besteak beste. 

Hori esanda, datorren urtera begira gogoeta bultzatuko dugu festa batzordearekin batera, urratsak ematen jarrai dezagun Zizurkil euskaldunagora bidean ahal dela inor euskararen aurka jarri gabe. Eta bide honetan salatzen dugu Alderdi Sozialista (zeinaren bozeramaileak ez dakien euskaraz) bi hizkuntzen bizikidetzaren aldarria egiten agertzea, bi hizkuntzak jakitea denean bizikidetzarako urrats garrantzitsuena. Besterik gabe, polemika antzuak utzi, festa batzordeari egindako lana eskertu eta festa ederrak opa dizkiegu zizurkildarrei. Festa euskaldun eta parte hartzaileak izan daitezela, etorkizuneko Zizurkil izatea nahiko genukeen moduan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!