Bihar abiatuko da Zizurkilgo Kirol Astea

Ainhoa Gil 2019ko abe. 11a, 10:31

Egitarau oparoa antolatu dute Zizurkilgo Kirol Asterako. Atzo eguerdian egin zuten aurkezpena, Iker Urruzola alkateak, Iban Lizarraga zinegotziak eta Ainhoa Larrea teknikariak. Bihar jarriko dute martxan egitaraua, kirola eta ikasketen bateragarritasunaren inguruan solasean:

Iker Urruzola alkateak eman zion hasiera aurkezpen ekitaldiari: "Aurtengo Kirol Astean kirola eta ikasketak bateratu nahi ditugu. Horretarako, puntako ikasketak dituzten kirolarik gonbidatu ditugu, euren esperientzia konta dezaten, eta jendea horretara gonbida dezaten. Horrez gain, eta iazko bideari eutsiz Kirol Astea eremu berrietara zabalduko da aurten: liburutegia, rokodromoa, herriguneko eliza, Danena futbol zelaia eta Otañoko frontoia izango ditu eremu berriak". Herriko elkarte eta eragile ezberdinen elkarlana ere azpimarratu zuen alkateak. "Herrigintzatik osatzen da herria eta eskerrak eman nahi dizkiegu", azaldu zuen.

Ainhoa Larrea teknikaria eta Iban Lizarraga teknikariearen artean  zerrendatu zituzten ekitaldi guztiak, banan bana:

 

Abenduak 12, osteguna

Solasaldia: Ikasketetan aurrera egin dute puntako kirolariak arituko dira. Iñaki Perurena (harri-jasotzailea), Nadeth Agirre (Orioko patroia), Aritz Bagues (txirrindularia), Lourdes Gorostegi (pultsularia) eta Iraia Iparragirre (Realeko emakumeen taldeko futbolaria). Jon Ander De la Hoz kirol-kazetariak egingo ditu moderatzaile lanak. Plazida Otaño liburutegiko gela balioanitzean. "Mahai inguru honetan, kirola eta burua jaztea landuko da" azaldu zuen Ainhoak.

Abenduak 13, ostirala

Izabako Ukerdi mendi Film festibaleko filmen emanaldia. "Herriguneko San Millan eliza zine bihurtuko da eta Izabako jaialdiko filmak ikusiko ditugu. Emanaldiak martxan dauden bitartean, gainera, rokodromoa eta pilotalekua erabilgarri egongo dira umeentzat. Familian egiteko plan polita izan daitekela uste dugu", aipatu zuen.

19:00, lehenengo saioa.

  • Treeline (iazko film irabazlea).
  • Aurrera (iazko film labur onena).

20:00 Atsedena. Txokolate beroa eta pastak emango zaizkie bertaratutakoei, Zimiterioan.

20:30, bigarren saioa.

  • RJ Ripper. (BTTei buruzko filma).
  • Zabardast. (Eskiari buruzko filma).

18:30etatik 20:00etara, zabalik egongo da rokodromoa eta frontoia ere erabilgarri egongo da haurrentzat.

Abenduak 14, larunbata (Hamabi orduz kirolean)

11:00 Haurrenzat kirol eta jokoak Intxaur pilotalekuan, ZEK taldearen eskutik. Halterofiliako oinarriak jasoko dituzte, Danena elkartearen laguntzaz. Ondoren, hamaiketakoa eta opari-banaketa.

16:00etatik 19:00etara, Halterofiliako Taldekako Gipuzkoako Txapelketa, Intxaur pilotalekuan.

22:00 Haurren Gau Krosa. Kilometro bat egin beharko dute korrika. 850 metro kontrolatuta, 150 metro libre. Izen-ematea egunean bertan egin ahal izango dute 19:00etatik 21:00etara Joxe Arregi plazan, edo ikastetxeetan banatutako eskuorrien bidez, aurrez.

22:30, Zizurkilgo XXIII Gau krosa, Ibontxo Gonzalez memoriala. Iban Lizarragak azaldu zuen Gau Krosaren izena aldatzearen arrazioa: "Duela gutxi hildako Ibontxo Gonzalez herritarraren izena hartuko du aurrerantzean Gau krosak. Korrika egitea maite zuen Ibontxok eta askotan parte hartu zuen Gau Krosean ere. Aitortza gisa, bere izena hartuko du probak aurrerantzean".

  • 2004-2006 urte artean jaiotakoek 2,5 kilometro. 2002an edo aurretik jaiotakoek, 7 kilometro.
  • Izena emateko: www.herrikrosa.eus. Bezperan, Joxe Arregi plazan 19:30etatik 21:00etara. Bi kasuetan 3 euro ordaindu beharko dira. Egunean bertan ere egin ahal izango da izen-ematea, baina 5 euro ordaindu beharko dira. Gehienez 250 kirolari onartuko dituztela azaldu du Iban Lizarragak.

Abenduak 15, igandea

10:30 Umeen Pilota Txapelketa Intxaur pilotalekuan, Ziotza pilota eskolak antolatuta. Ondoren, emakumeak paletak taldeko pilotarien partida.

16:00 Ecuavoley familientzat, Otañoko pilotalekuan. Ecuavoley zer den ezagutu eta jokatzeko aukera. Amaieran, merienda jasoko dute gerturatzen diren guztiek. "Otañon elkartu ohi da ekuadorretik etorritako herritar talde bat, ecuavoley-en jokatzeko. Kirol hori ezagutzeko aukera eskainiko digute guztioi. 10 urtetik gorako herritar guztiak daude gonbidatuta. Gainera, saioa amaitzean, meriendatxoa prestatuko dute bertaratutakoen artean banatzeko", azaldu du Ainhoa Larreak.

16:45 Danena-Villabona futbol partida, Danenaren futbol-zelaian.

Kirol Astera gerturatzeko gonbitea zabalduz amaitu zuten aurkezpen ekitaldia.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!