Maritxu Usabiaga Jonsasoro, ibiltari nekaezina

Ainhoa Gil 2019ko abe. 23a, 09:00
Maritxu Usabiaga Jonsansoro

Duela 78 urte jaio zen Maritxu Usabiaga Jonsansoro, Zizurkilgo Iartza auzoan. Hirurogeita bost urterekin, lanetik erretiroa hartutakoan, gaixoaldia etorri zitzaion. Egoera larriari buelta emandakoan, motxila hartu eta Santio bidea egitea erabaki zuen. 39 bider egin du geroztik

Artikulua osorik Aiurri aldizkariaren 551 alean.

Maritxu Usabiaga Jonsansoro zizurkildarra ez da geldirik egoteko pertsona. Urtean hiru edo lau aldiz joaten da erromesaldia egitera eta beti erdi-prest edukitzen du motxila, armairuan txukun gordeta. Emakume ausarta da, egoe-ra zailei umorez eta indarrez aurre egiten asmatzen duen horietakoa. 2007an egin zuen lehenda-bizikoz Santio bidea. Lanetik erretiroa hartu zuen egunean, ospitalera joan behar izan zuen, neumoniak jota; "ia-ia joan nintzen beste mundura", azaldu du. Hitza eman zuen; gaixoalditik onik ateratzen bazen, Santio bidea egingo zuela. Esan eta egin. Esperientzia hark bete egin zuen Maritxu, eta geroztik, 39 aldiz egina du Santio bidea. Bakarrik egin ohi du, "horixe baita bidea egiteko modurik egokiena. Norberak bere burua ezagutzeko, bakarrik egon beharra dago. Niri hala egitea gustatzen zait".Hainbat bidetatik egin du bidea Maritxuk. "Santiagora iristen naizenean sentitzen dudan poza eta emozioa, lehen aldiz iritsi nintzenekoaren parekoa izaten da beti".

Iruran bizi da Maritxu Usabiaga Jonsansoro, eta edonor harritzeko modukoak dira bere etxeko hormetan zintzilik dituen oroigarriak. Santio bidea egina duela ziurtatzen duten 85 agiriak, maskorrak, argazkiak, diplomak, mapak...

23.652 kilometro oinez

3.735 aldiz jaso du bidea egi-ten ari denaren zigilua eta guztira, 23.652 kilometro egin ditu Santio bide ezberdinetan barrena. Milioika pauso, milaka kilometro eta beste horrenbeste bizipen eta gertakizun. Eta zerrenda handitzeko asmoa du gainera, izan ere, osasunak laguntzen dion bitartean, bidea egiten jarraitzeko asmoa baitu. Etxe aldetik pasatzen du negua Maritxuk, baina ez geldirik. Igerilekura joaten da astean hirutan eta asko zaintzen du bere burua, belaunak bereziki. Aste Santua gerturatzen denean atera ohi da Santio bidea egitera. "Batzuetan baita lehenago ere. Presarik gabe ibiltzen naiz eta bide luzeren bat egitea egokitzen denean, hilabete eta erdi inguru egiten dut etxetik kan-pora. Esaterako, Sevillatik Santiagora doan bidea, Via de la Plata izenekoa, luzea da eta bi hilabete behar izan nituen egiteko". Granadatik, Cadiztik, Frantziatik..., bide ezberdin asko egin du Maritxuk, harritzeko moduko zerrenda osatu arte.

Ibiltarienari omen

Omenaldia ere jaso du Maritxuk Galizian, erromesaldia gehien egin duen emakumea delako. "Bideko aterpetxeetako arduradun guztiek ezagutzen naute dagoeneko eta haietako batek jakinarazi zidan omenaldia prestatzen ari zirela. Hitz batzuk egitea eska-tu zidaten. Ez nago horrelakoetara ohituta, baina bihotzetik hitz egiten saiatu nintzen. Bidea niretzat zer den esan nuen, eta jendea hunkitu egin zen. Ekitaldi polita izan zen, ederra", azaldu du.

Gertakizunak

Horrenbeste kilometrotan, ezustekoren bat edo beste izan du Maritxuk. "Frantzian izandako deshidratazioa izan zen, ziurrenik, larriena. Zuhaitz baten azpian eserita egon nintzen, zerbait jaten eta atsedena hartzen. Bidean topatutako beste erromes batzuekin batera nintzen. Altxa, eta oinez jarraitzea erabaki genuenean, ez nintzen pauso bakar bat ere emateko gai. Pasako zi-tzaidala uste nuen, baina ez zen hala izan". Larrialdi zerbitzura deitu zuten bidelagunek. "Suhiltzaileak etorri ziren nire bila, 4x4 ibilgailuarekin. Sei kilometrora zegoen hurrengo herria, eta hara eraman ninduten. Hantxe zegoen anbulantzia, nire zain". Hiru gau pasa zituen Maritxuk erietxean, deshidratazio larriarekin. "Etapa hartarako, edari asko eramateko gomendatu ziguten, baina pisua hartzen du, eta gutxi samar eraman nuen. Gosaria ere ohi baino arinagoa egin nuen, eta ondorioak etorri ziren gero". Erietxetik aterata, bidea amaitu zuen Maritxuk. "Ohi baino erritmo geldoagoan, baina amaitu egin nuen". Ehiza-zakur batzuekin izandako arazoak ere ez zuen izutu Maritxu. "Kostako bidea egi-ten ari nintzela, bi zakur atera zitzaizkidan, eta kozka egin zidaten hanketan. Zauri itsusia neukan. Sendagilearengana joan, zauria josi, eta bidean aurrera jarraitzea erabaki nuen. Bidean sendaketak eginez joan nintzen. Orduko hartan ere iritsi nintzen Santiagora".

Fededuna eta gogorra

Emakume gogorra da Maritxu, aurrera egiten duen horietakoa. "Finisterren erori eta eskumu-turra hautsi nuen behin. Hurrengo egunean itzulerako trena hartu behar nuen eta ez nuen ospitalera joan nahi izan. Haustura pixka bat eutsi, eta trenean etorri nintzen etxera. Semeak eraman ninduen Donostiako ospitalera, eskumu-turra sendatzera", azaldu du irribarretsu. Fededuna da Maritxu eta barrura begira egiten du erro-mesaldia. "Zure burua ezagutzen laguntzen dizu bideak. Horregatik nahiago izaten dut bakarrik egin. Jende askorekin egiten dut topo bidean, noski, eta lagunak ere asko egin ditut, baina bakarrik egoteko denbora izatea ere garrantzitsua da", azaldu du. Erromesaldi bakoitza buru-belarri prestatzen du Maritxuk. "Liburu piloa daukat. Bide berri bat egitera noanean, haren inguruko liburua erosten dut. Oso garrantzitsua da etapa bakoitzaren aurretik liburua ondo aztertzea eta informazioa barneratzea. Jendea telefonoari begira ibiltzen da orain, baina nik fede handiagoa diet liburuei".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!