Guretzako gunea, jatorri ezberdinetako emakumeen bilgune

Ainhoa Gil 2020ko ots. 26a, 09:17
Gosariaren inguruan, giro goxoan aritu ziren jatorri ezberdinetako Zizurkilgo emakumeak, Guretzako egitasmoaren lehen bileran.

Ehundik gora dira Zizurkilen bizi diren emakume atzerritarrak. Jatorri ezberdinak dituzte, esperientzia eta bizimodu ezberdinak, baina badituzte batzen dituzten hiru ezaugarri: emakumeak dira, kanpotik etorritakoak, eta Zizurkilen bizi dira. Haiek elkartu eta elkartrukerako gune bat sortu asmoz, deialdia luzatu zieten.

Otsailaren 13rako zuten hitzordua. Elkarrekin gosalduz, lehen harremana egitea zen helburua. Jatorri ezberdinetako emakumeak gerturatu ziren bertara; marokoarrak, nigeriarrak, mexikarra, algeriarra... Parte hartzeko gogoz gerturatu ziren guztiak ere, Guretzako programaren berri jasotzeko asmoz. 
Zizurkilgo Udalak zabaldu zien deia jatorri ezberdinetako Zizurkilgo emakumeei, haien beharren berri izateko, euren kezkak entzuteko eta taldea sortzeko. Udala ez da, ordea, ekimenaren atzean dagoen erakunde bakarra. Otsailaren 13ko bileran zeuden Sos Racismoko ordezkaria, Tolosaldea Garatzeneko teknikaria, Guretzako programaren koordinatzailea eta baita Zizurkilgo gizarte langilea ere. Elkarren berri izateko baliatu zuten lehen bilera, baina ez da azkena izango. Ekimenari jarraikortasuna ematea da helburua eta bildutakoek laster erakutsi zuten badutela horretarako gogoa. 

Zer da Guretzako?
Mahaiaren inguruan bildu ziren herrialde ezberdinetatik etorritako Zizurkilgo emakumeak, gogotsu eta jakin-minez. Txelo Berra da Guretzako programaren koordinatzailea. Gipuzkoako beste zenbait herritan dagoeneko martxan dira antzeko taldeak, eta hark eman zituen azalpenak: “taldea osatzea da lehen bilera honen helburua. Bakarka, ez daukagu denbora luzean eta gogotsu arraun egiterik, baina elkarren laguntzaz, askoz ere indar handiagoa dugu. Talde izaera hori garrantzitsua da gauza askotarako; Udalarekin harremanetan egoteko,herriko beste elkarte eta taldeekin hitz egiteko, herritarrak ezagutzeko, inguruan ditugun baliabideen inguruko berri jasotzeko, jendearen jakin-mina pizteko... Bakarka ezin dugu hori guztia egin, taldean ordea, bai". Adi entzun zituzten hitzok bildutakoek eta aho batez eman zioten arrazoi.

Elkar-ezagutza
Bizi diren herria eta herritarrak ezagutzeak duen garrantzia ere azpimarratu zuen programaren koordinatzaileak: "Hemengo kultura ezagutzea, ohituren berri izatea, hizkuntza..., hori guztia oso garrantzitsua da, bestela, aurreiritzietan oinarritzen gara. Hala gertatzen da alderantziz ere; ez bagaituzte ezagutzen, asmatu egiten gaituzte". Euren kultura eta ohiturak ezagutarazteko gogoa erakutsi zuten bertaratu ziren emakumeek, eta berehala hasi ziren proposamenak egiten: dantza ikastaroak, elkartruke gastronomikoak...
Helduen integraziorako haurrek izan dezaketen garrantzia ere azpimarratu zuten bertaratutako emakumeek. "Umeek elkartzen gaituzte. Haiek dauden tokian izaten gara gurasoak ere. Pauso bat aurrerago joatea egokitzen zaigu orain eta denen arteko elkar-ezagutza hobea bultzatu. Orain, askotan gertatzen zaigu umeak jolasean dabiltzan bitartean, bertakoekin baino gehiago, gure artean elkartzea. Hori haustea lortu behar dugu". Helburu hori lortzeko egin beharrekoen inguruan hausnartzea izango da hurrengo pausoa, bildutakoek azpimarratu zutenez. 
Gizartean eta politikan parte hartzeko beharra azpimarratu zuen Guretzako programaren koordinatzaile Txelo Berrak bere aurkezpenean. "Gu ez bagaude eremu horietan, gure izenean hitz egingo dute, baina gu ondo ezagutu gabe. Gure benetako beharrak ezagutzen ez badituzte, zaila izango da erabaki egokiak hartzea. Horregatik da garrantzitsua gizartean eta politikan parte hartzea, gure ahotsa entzutea".

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!