Kaxilda Gazte Asanbladako kideak, biltzeko espazio eske

Ainhoa Arozena 2020ko mar. 7a, 18:42

Atzo goizean, Ertzaintzak Bulandegi bidean kokatutako Kaxilda Gaztetxea desalojatu ostean, gazte asanbladako kideek prentsaurrekoa eskaini dute gaur arratsaldean Zizurkilgo Joxe Arregi plazan. "Argi utzi nahi dugu guk borrokan jarraituko dugula, gaztetxeak beharrezko tresna ditugulako gazte langileok antolatzeko", adierazi dute amaieran.

Jarraian, irakurri duten adierazpena osorik:

Aitondoko Gazte Asanblada duela urte eta erdi sortu zen, bailara mailan instituzioetatik at antolatzen den mugimendu zein formakuntza politikoaren gabeziak, eta gazteen artean lokaletan eta tabernetan ematen den harreman-eredu kontsumistaren kezkak bultzaturik. Kezka hauek ipar izanik, asanbladako kideoi gabezi hauei (zein garatzen joan garen heineansuertatu zaizkigun beste batzuei) aurre egiteko baldintza errealak sortzea ahalbidetuko digun espazio fisiko baten beharra azalarazi zitzaigun. Modu honetan, joan den martxoan Zizurkilgo Udalarekin harremanetan jarri ginen, gure proiektua aurkeztu eta hau gauzatzeko espazio fisiko baten beharra adieraziz. Udalak, bere aldetik, proiektuarekiko adostasuna erakutsi bazuen ere, ez zigun inongo momentuan gure jarduna aurrera eraman ahal izateko espaziorik bermatu, ezta gure proiektua ahalbidetu zezakeen gunerik eskaini ere.

Udalaren ezezkoaren aurrean, urgentziazko proiektu honek berehalako erantzukizuna suposatzen zuela ikusirik, urte luzez kapital metaketara kondenatuta egon zen espazio baten birjabetzea emateko hautua egin genuen, "Kaxilda" izenez ezagutuko den gune autogestionatu hau gure proiektuak gauzatzeko eta bailarako beharrei erantzuteko tresna estrategiko bezala ulerturik. Hots, metaketara bideratutako espazio zena, langile autonomia sustatu, klase boterea eraiki eta autodefentsa artikulatzeko gune bihurtzeko elkarlanari ekin genion.

Hala ere, berehalakoa izan zen jasan genuen errepresioa, espazioaren legezko jabeek justizia burgesaz baliaturik gure aurka prozesu judiziala ireki baitzuen. Bi auziperatuei "usurpazio delitu arina" egotzirik, espazioa (bereganatu/erabili) ahal izateko akordio batera iristeko helburuarekin hiru aldeko negoziazio mahai bat irekitzea erabaki genuen, EH Bilduko Zizurkilgo Udala, birjabetu berri genuen espazioaren jabeak eta guk osatua. Ezarritako helburutik urrun, azpimarratzekoa da, negoziazio prozesua pisutsua, konplexua eta trabaz betea izan zela. Modu honetan, negoziazio mahai honen porrota, soilik borondate politiko ezaren edo interes ekonomiko indibidualisten ondorioz etorri zela ulerturik.

Negoziazio mahai honen porrotaren aurrean, justizia burgesaren baitako prozesu judizialak aurrera jarraitu zuen, eta irailaren 24an epaitegira deitu zituzten Kaxildako bi kide. Epaiketa bertan behera geratu zen, eta ondorioz, abenduaren 3an berriro epailearen aurrera joateko agindua jaso genuen. Epaileak berehalako desalojoa eta 1.080 euroko isuna agindu zituen.

Burgesiak ez du inoiz onartuko bere boterea kolokan jarri dezakeen inongo agente zein jardun politikorik. Beraz, hiru hilabetez, Kaxilda Gaztetxea desalojo arrisku egoeran egon ondoren, atzo, martxoaren 6an, indar polizialak zein okupaturiko espazioaren jabeek, desalojatu gintuzten Kaxilda Gaztetxetik.

Aiztondoko Udalek eduki duten borondate politiko ezak egoera honetara ekarri gaitu. Auzi honetan, udalei bere erantzukizun politikoa betetzeko eta ondorioz, gure beharretara egokituko den espazio bat exijitzen diegu, kale gorrian ezinezkoa baita gazte langileon antolakuntza gauzatzea.

Azkenik, argi utzi nahi dugu guk borrokan jarraituko dugula, gaztetxeak beharrezko tresna ditugulako gazte langileok antolatzeko. Honekin batera eskerrak eman nahi ditugu Euskal Herriko hainbat eta hainbat txoko ezberdinetatik jasotako babesagatik, elkartasunez soilik delako posible! Beraz, jarrai dezagun indarrez eta ilusioz gure gaztetxeak eraikitzen eta defendatzen.

ELKARTASUNAREN INDARREZ DESALOJOARI AURRE!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!