Diru-laguntzak merkatari, ostalari eta enpresa txikientzat

Aiurri 2020ko mai. 27a, 18:18

Zizurkilgo Udalak diru laguntzak emango ditu merkatari, ostalari eta enpresari txikientzat. Udaleko alderdi guztien babesaz onartu da pandemiak kaltetutako sektoreak laguntzea asmo duen diru laguntza programa:

Zizurkilgo udaletik aurrez azaldu izan duten bezala, aurtengo aurrekontuak Covid 19aren pandemiak eragindako kalteak leuntzera bideratuko da. Hilabeteotan, gizarte zerbitzuak indartu dira, garbiketa areagotu da, osasun eta segurtasun neurrietan inbertitu da eta herria bizirik mantentzeko ezinbestekoak diren merkatari, ostalari eta enpresari txikiengana bideratu da Udalaren ahalegina.

50.000 euroko partida

Alarma egoerak kalte handiak eragin ditu Zizurkilgo merkatari, ostalari eta autonomo ugarirengan. Udalaren dirulaguntzen helburua kalte horiek leundu eta aktibitatera itzulera erraztea da. Erabateko etetea izan duten negozioen kasuan 500€ arteko laguntzak emango dira hileko eta etete partziala izan dutenen kasuan 300€ artekoa. Onuradun bakoitzak gehienez 1.300€ko dirulaguntza izango du. Dirulaguntzak eskatzeko epea dekretua Gipuzkoako agerkarian publikatu eta 10 egunekoa izango da. Dekretuan zehazten da aurkeztu beharreko dokumentazioa, negozio edo aktibitateak Zizurkilen egon beharko du eta eskatzaileak frogatu beharko du pandemiak eraginda galera izan duela. www.zizurkil.eus atarian kontsultatu daiteke dekretua. Udalak 50.000 euroko diru partida jarriko du laguntza horietara, kontuan hartzeko zifra udal aurrekontuen murrizketa oso gordina izango den urtean.

Aurrez, apirilean, Udalak jada iragarri zuen aurtengo IBI edo OHZ zerga itzuli egingo zela kalteltutako negozioei, ekonomia jarduera zerga ez zela kobratuko eta Udal eraikinen kasuan negozioak itxita egon ziren epeko alokairurik ez zela kobratuko. Gaur iragarritako diru laguntzak neurri horiek osatzera datoz. Herritarrei deia ere egiten zaie, egoera honetan inoiz baino gehiago, herrian kontsumi dezatela.

Zizurkilgo Udala elkarlanean ari da krisiari erantzuten, martxotik eratua dago krisi mahaia eta alderdi guztien adostasunarekin ari da Udala neurriak hartzen pandemiaren aurrean. Egoera honetan batera lan egitearen garrantzia azpimarratu dute alderdi guztiek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!