"Txapela kentzekoa izan da herriak emandako erantzuna"

Ainhoa Gil 2020ko ira. 6a, 09:00
Iker Urruzola, Zizurkilgo udaletxeko bulegoan.

Urtebete pasatxo da Iker Urruzolak alkate kargua hartu zuela. Urtebete honetan, egoera berezi eta zailak kudeatzea egokitu zaio Udal taldeari. Bere ikuspegia eman du alkateak.

Agintaldiko lehen urtea bete duzu, atzera begiratuta, zein izango litzake zure lehen balorazioa?

Aurreko Udal taldeko kideak lagun izan ditugu, eta horrek asko lagundu du eguneroko martxa hartzen. Hamaika gauza egiteko gogoz eta ilusioz ekin genion agintaldiari. Etorkizunera begira jarri ginen, eta herrian gauzatu beharreko hainbat proiektu jarri genuen mahai-gainean.Horien arabera landu genituen aurrekontuak ere. Epe ertain-luzerako pentsatutako aurrekontuak ziren, legealdi osorako aurreikuspena eginez.  Aurrekontuak onartu eta gutxira, ekaitza etorri zitzaigun. Koronabirusak dena gerarazi zuen, erabat. 

Hori gutxi balitz, Foru Aldundiak jakinarazi zigun udalerriei ematen dien dirulaguntzetan %20ko jaitsiera egingo zuela. Gure aurrekontuan eragin zuzena izan du horrek, eta inbertsioen atala berraztertu egin beharko dugu. Hori da gure erronka nagusia. Ez dakigu zorpetze maila handitzerik izango dugun eta, momentuz, nahiko lotuta gaude. Agintaldiaren hasieran genuen ilusio horrek berak laguntzen digu egoera honi modu positiboan begiratzen. Gure eskuetan dauden proiektuak aurrera ateratzen ari gara eta handiagoak ziren proiektuak berraztertzen. Presarik gabe, sukaldeko lanetan ari gara. 

Koronabirusa etorri zen martxoan gurera. Nola bizitu zenuten hura guztia?

Martxotik hona, ia lehentasun bakarra daukagu. Jakitun gara edozein momentutan edozer gerta daitekeela. Larritasunik ez den momentuetan beste hainbat lan egiten dugu, baina betiere, egungo baldintzak kontuan hartuta.Egoerak agintzen du zer, nola eta noiz egin. Milimetroraino aztertzen ditugu erabakiak.  Ez dakigu noiz amaituko den hau guztia, eta denbora  hartu nahi dugu erabakiak ondo hausnartzeko. 

Zer erakutsi digu koronabirusak?

Erakunde gisa, herritarrekiko gertutasuna izatea oso garratzitsua dela. Enpatiak gauzak beste era batera ulertzen laguntzen digu. Konfinamentu egoeran, 70 urtetik gorako herritarrei telefonoz deitu genien, zer moduz zeuden jakiteko. Ez da batere kostatzen hori egitea, eta herritarrak babestuta sentitu ziren. Ekimenak aurrera ateratzeko garaian, gertutasun eta enpatia horrekin erraztu egiten dira gauzak. Ziurrenik ez dugu erabaki guztietan asmatu, baina jendeak ulertu dituela esango nuke. Enpatia horrek, elkar-zaintza horrek, egoera lasaiago eramaten lagundu digu. 

Nola ikusi duzu herriaren erantzuna pandemia garai honetan?

Beharra sortzen denean, herritar talde bat laguntzeko prest azaltzen da. Bolondres sarea osatu zen berehala, nahiz zorionez, ez dugun martxan jarri behar izan. Horrek esan nahi du komunitateak funtzionatzen duela. Sentimendu asko piztu zen. Jostunak martxan jarri ziren maskarak edo musukoak egiten... Erantzun bikaina jaso genuen laguntza eskatu genuen bakoitzean. Herritarrek sinestarazi digute gauza asko egin daitezkeela elkarlanean eta gertutasunetik. Egoera zailetan horrelako erantzuna emateko gaitasuna dugula ikustea txapela kentzeko modukoa da. 

Bestalde, jendeak asko sufritu du. Egoera pertsonal oso gogorrak ikusi ditugu inguruan. Horiei gure babesa eta elkartasuna adierazten saiatu gara.  

Hain agerian ikusten ez diren zailtasunak ere asko izan dira. Hor komunitateak indarra izan du, eta Gizarte Zerbitzuetatik ere laguntza handia eman da. Hiru hilez behin elikagaiak banatzen zaizkie behar dituzten familiei, eta pandemia garaian asko hazi da premian dauden familien kopurua. Gure lehentasun nagusia hori izan da eta asmatu egin dugula esango nuke. Inguruko  zenbait enpresak ere euren laguntza eskaini du. Esaterako, horietako batek, inon aurkitzen ez genituen musukoak helarazi zizkigun, eta adinekoen artean banatu ahal izan genituen. 

Aipamen berezia egin nahi diet konfinamendu garaian euren auzoa alaitzen saiatu ziren herritarrei. Arratsaldero musika eskainiz, egonaldia arindu ziguten eta herritarrak zain egoten ziren. 

Gertuko denda eta ostalaritzaren garrantzia ere azpimarratu egin nahi nuke. Hori ez bagenu komunitatea izateari utziko genioke. Auzoko denda, ileapaindegi, taberna edo okindegirik ez bagenu, gertutasuna, enpatia, komunitatea, sentsibilizazioa... hori guztia galduko genuke.  Zizurkilen ez dugu komertzio asko, baina egoera zail honetan, nahiko ongi eutsi diola esango nuke. Pandemiaren aurretik haiekin biltzen hasiak ginen, eta konfinamendu garaian ere, harreman zuzena mantendu dugu. Elkarren berri izan dugu uneoro eta eskertu egin dute. 

Ostalari eta dendariei zuzendutako dirulaguntza atera genuen bere momentuan eta, laster beste dirulaguntza bat aterako dugu koronabirusaren eraginez obrak egin dituzten dendariei laguntzeko. Kanpaina bereziren bat egiteko asmoa ere badugu, baina ondo hausnartu nahi dugu zer eta nola egin.    

Abuztuaren 15ean Andramari jaiak herrigunean, irailaren 9an Elbarrenako jaiak. Ohiko jairik ez da izango aurten...

Bi festa batzorde ditugu Zizurkilen eta, zorionez, erabat autonomoak dira. Udalaren babesa izaten dute, baina eurek antolatzen dituzte herriko jaiak. Erabateko arduraz jokatuz, bi jai batzordeek jakinarazi ziguten aurten ez zela ohiko jairik izango. Jaien ordez, hainbat ekitaldi antolatzeko gogoa adierazi zuten, eta horretan, noski, Zizurkilgo Udalaren babesa izan dute, garrantzitsua iruditzen baitzaigu herria bizirik mantentzeko ekitaldiak egitea. Oso ondo joan da herriguneko esperientzia, eta Udalean pozik gaude. Kultur ekitaldiak kalitate handikoak izan dira. Azpimarratzekoa izan zen, baita ere, gaztetxoei  herria ezagutarazteko ideiaz antolatutako jolas-ekimena. Oso gutxirekin gauza handiak egin daitezkeela erakutsi zuten. Iraileko jaiak ere ez dira ohikoak izango. Iraileko asteburu guztietan ekimen ezberdinak egingo dituzte. 

Elkarrizketa osorik: 566 Aiurri hamaboskarian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!