Fraisoroko haur eta emakumeen historia, aurre iritziak uxatzeko

Xabier Lasa 2021ko mar. 18a, 00:00
Eva Garcia MagriƱa, 'Mujeres de Barros, infancias de cristal' liburuaren aurkezpen egunean, Tabakaleran.

Eva Garcia Magriñak Fraisoroko sehaska-etxe eta ama-etxearen historia liburura eraman zuen 2011an, eta orain, gaztelaniazko bertsioa kaleratu du, Larramendi Bazkunarekin batera.
Liburua Donostiako Tabakaleran aurkeztu zuten, eta dagoeneko salgai dago

Jon Unanue Larramendi Bazkuneko zuzendariak hitza hartu zuen martxoaren 12ko aurkezpen ekitaldiaren hasieran, Fraisoro ikertzeko gogoa nondik nora zetorren azaltzeko:  “Beterriko bailaran, herri iruditerian, Fraisoroko etxeari betidanik erantsi izan zaizkio misterioa, fantasia, aurre iritziak... Bazen garaia argia proiektatzeko etxe horri, zer izan zen, zein zen atzean zeukan instituzioa, zeintzuk ziren bere helburuak eta funtzionamendua… 2008an Eva Garciak gaiari heldu zion, Bazkunak abian jarri zuen beka ikerketa deialdiaren eskutik. Horrela, 2011n, Fraisoroko haurrak, Fraisoroko amak liburua argitaratu genuen; ikerlan zorrotz eta zehatz hark balio izan zigun ezkutatuta egon zen historia zirraragarri eta izugarri bat azaleratzeko, eta, batik bat, uxatzeko aipatutako ezjakintasun eta aurre iritziak. Alegia, arazoa ez zela Fraisoro, ezta atzean zegoen erakunde publikoa; baizik eta, atez kanpo, gizartean zegoela arazoa. Azken batean, Fraisoro, ama ezkongabeak baztertzen zituen gizarte hipokritaren isla baino ez zela”.

Euskarazko jatorrizkoaren bertsioa, gazteleraz

Orain gaztelaniazko bertsioa argitaratu izanaren arrazoia ere azaldu zuen Unanuek: “Bazkuna elkartea euskara sustatzeko sortu zen, eta hala egin zuen euskarazko jatorrizko bertsioa kaleratuz. Bada, hasiera-hasieratik, gaztelaniazko bertsioa egiteko eskaerak etengabe egin dizkigute. Gure erantzuna argia izan da beti: ez dagokio euskal elkarte bati halako lanak egitea. Itzulpenari helduko liokeen erakunde edo argitaletxeren baten zain egon gara urte hauetan, baina ez dugu erantzunik jaso. Iaz, euskarazko edizioa agortu egin zitzaigun, eta ikusita Fraisoro gaiaren gainean betidanik egon den jakinmin berezia eta eskaera, bada, egokia iruditu zitzaigun itzulpena egitea, eta halaxe egin dugu Kutxa Fundazioak eskaini digun laguntzari esker”.

Haur abandonatu eta inudeen aterpe

Ia mende oso batez (1903-1985) Zizurkilen irekita egon zen Fraisoro sehaska-etxe eta ama-etxearen historia kontatzea izan da Eva Garciaren asmoa, 2011 eta 2021ean kaleratutako argitalpenetan. Gipuzkoan, Fraisoroko instituzioa zen abandonatzen ziren haurrei Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen zien irtenbidea, eta etxe hartan zeintzuk ziren baliabideak, langileak, inudeak, haurrak, eraikina bera, funtzionamendua… ikertu ditu egileak. Zehazki esanda, Fraisoro etxearen atzean zegoen alderdi gizatiarra erakustea izan da bere goi asmoa. Fraisorotik igaro ziren 12.000 haur eta 3.500 emakumeekin enpatia ariketa egiten saiatu da, era horretan. 

Hasiera batean, Fraisoro abandonatutako edota tornuan utzitako umeak zaintzeko lekua izateko diseinatu zen, baina agudo, txirotasuna edo desohorea zirela-eta haurdun ezkongabeen aterpe ere bilakatu zen. 

Haur espositoen eta inudeen etxea izan zen Fraisoro, hortaz. Haur-espositoak bulartzen zituzten emakume inude edo hazamak, bi eratakoak izan zitezkeen: kanpokoak eta barrukoak. Kanpokoak, gehienetan, haurren bat galdu zuten baserritarrak izaten ziren, eta haurrak zazpi urte betetzen zituenean, seme edo alabatzat hartzeko eskubidea eduki ohi zuten. 

Barruko inudeak, berriz, haurra Fraisoron edota ospitalean izandako ama ezkongabeak ziren. Administrazioak, azken horiei debaldeko erditze ospitalarioa, haurraren geroko gastu medikuen ardura, nahiz 1932tik aurrera, diru-laguntza eskaintzen zien. Horrela, bertan erditzeaz gain, derrigorrezko bi hilabeteko bulartze baldintza ere bete behar izaten zuten. Epea igarota, gehienak Fraisorotik atera egiten ziren; baina baziren etxeko bazterketa edota bestelako arazoengatik, etxera itzuli nahi-ez edo ezin ez-eta, bertan gelditzen ziren, inude moduan hasieran eta zaintzaile gisa gero.

Funtzionario bihozbera

Eva Garciak Fraisoroko langile izandako Andres Izaskun hartu zuen bereziki gogoan, Tabakaleran egin zuen aurkezpenean: “Agiri ofizialak eta espediente pertsonalak miatzea eta miatzea egokitu zait, ikerlan honetan. XX. mende hasierakoak igualtsuak dira denak, aipamen pertsonalik gabekoak. 40ko hamarkadan barrena, ordea, espedienteetan hainbat iruzkin azaltzen hasten dira, nire azterlana erabat aberastea lortu dutenak. 

Berrogei urtez Fraisoroko eskribaua, bisita-agentea eta zerbitzu ikuskatzailea izan zen Andres Izaskun Ibaigainek sinatutakoak ziren agiri horiek. Hainbat datu eransteko ohitura zeukan txostenetan, batik bat, familiek etxeetan hartu zituzten espositoei egindako bisitetan ikusi eta sentitutakoa (aurpegiera, osasun egoera, hezkuntza maila, lanerako jarrera, familia hartzailearen asebetetze maila…), ama biologikoarekin edukitako elkarrizketaren edukia… Egilearen aldetik sentiberatasuna eta enpatia azaleratzen zuten iruzkin horiek, egoera gizatiarrago egiteko gogo bizia”.

Izaskunekiko jakin-minak bere alarguna eta alaba ezagutzera eraman zuen Garcia. “Kontatu zidatenez, Andres Izaskun, espositoa izan zen; familia batek hartu egin zuen, baina berriro itzularazi egin zuten. Bizipen pertsonalaren aurrekari hori kontuan hartuta, errazago uler daiteke zer nolako zorroztasunez aztertzen zituen egoerak, familia hartzaileek umeentzat egokiak izan zitezen, ez zezaten jarrera okerrik eduki harekiko”. 

Fitxa teknikoa

  • "Mujeres de barro, infancias de cristal. Fraisoro (1903-1985). La Casa-Cuna Central de Expósitos de Guipúzcoa". 
  • Egilea: Eva Garcia Magriñá. 
  • 245 orrialde.
  • Internet bidez salgai: www.larramendibazkuna.eus 
  • Liburudendetan salgai: Ernaitza, Delgado eta Stop (Andoain); Basajaun (Amasa-Villabona) eta Iturain (Orio).
  • Salneurria: 27 euro. 

Erreportajea osorik, Aiurri hamaboskariaren 579. zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!