Usurbil aldeko mugarriak ezagutzeko irteera, igande goizean

Ainhoa Gil 2021ko mai. 2a, 19:17

Goiz-pasa ederra egin dute gaur Zizurkil eta Usurbil arteko mugan. Teodoro Hernandorena kultur elkarteak antolatuta, mugarriak ezagutzeko irteera egin dute. Maiatza Saltsan ekimena irekitzeko ekitaldia izan da gaurkoa, eta arrakasta handia izan du.

Berrogeita hamar pertsona inguruk hartu du parte gaurko mendi irteeran. Usurbil, Aia eta Zizurkil arteko muga markatzen duen mugarria izan da bisitatu duten lehena, eta hortik aurrera, mugarriz mugarri ibili da taldea. Teodoro Hernandorena elkarteko Joxin Azkue eta Julian Arrastoak egin dituzte gidari lanak Aranzadi Zientzia elkarteko Joseba Alonso eta Jabier Castroren laguntzarekin.

Ondabardibiribil inguruko mugarri ikusgarria ere bisitatu dute. 1381 urteko mugarria da, eta Orreagako ikurra dauka. Garai hartan, Orreagako kolegiataren jabekoak ziren lur haiek, besteak beste errotarriak egiteko harri ona zegoelako bertan. Zizurkil eta Orreagaren arteko mugak markatzeko mugarriak jarri zituzten garai hartan, eta harri horietan bat bisitatu dute gaur goizeko irteeran.

Toki ikusgarritan barrena ibili dira ekitaldira hurbildu direnak. Maiatzaren 15erako jarria dute hurrengo hitzordua Teodoro Hernandorena taldeko kideek. Zizurkil eta Villabona arteko muga markatzen duten mugarrietan barrena egingo dute irteera egun horretan. Adin guztietako herritarrentzat aproposa izango da bigarren ibilbide hori, eta Laumugarrietako mugarrian izango du amaiera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!