Zizurkilgo Azoka Berezia aurkeztu dute

Aiurri 2021ko urr. 1a, 11:59

Urriaren 10ean ospatuko da aurtengo azoka berezia. Iazko etenaldiaren ondoren, indartsu dator hitzordua. 35 postu jarriko dituzte herrigunean barrena eta autobus zerbitzua ere izango da, joan-etorriak eroso egin ahal izateko.

Gaur aurkeztu dute Zizurkilgo Azoka Bereziaren aurtengo edizioa. Elikagaiak zein artisauen produktuak ikusi eta erosteko aukera paregabea eskainiko digu azokak. Berezitasun nagusi  bat izango du aurtengo edizioak. Aurreko urtetan egun osokoa izaten bazen ere, aurtengoan goizez bakarrik egongo da zabalik: 10:30etatik 14:30etara.

Maite Amenabar zinegotziak agerraldiaren hasieran azpimarratu duenez, "Dagoeneko XXIII. ediziora iritsi da  Urte hauetan zehar indarra eta izena hartzen joan den hitzordua da eta jende asko erakarri ohi du. Guztiak gonbidatuta zaudete egun horretan Zizurkilgo herrigunera gerturatu eta azokako giroaz gozatzera. Baserritarren produktuak, jakiak, artisauen lanak… denetarik izango da aurtengoan ere. Guztira 35 postu inguru jarriko dira herrigunean barrena". Postu horietako batzuk herritarrek jarritakoak izango dira gainera.

Gaurko prentsaurrekoan azaldu duenez, postua jartzeko proposamena jaso dutenek, oso pozik hartu dute deia. Ainhoa Larrea teknikariak eman du azalpena:  "urte gogorra izan da ekoizleentzat eta gustura hartu dute azokan postua jartzeko aukera hori izatea. Euren lana erakusteko eta saltzeko aukera polita da". Artisautza bizitzen ari den egoera zaila ere hartu du ahotan Larreak: "Zizurkilgoa bezalako azoken helburua, inguruko artisauen lana erakustea izaten zen. Hori, ordea, geroz eta zailagoa da, geroz eta artisau gutxiago dagoelako. Oso egoera zailean aritzen dira, eta geroz eta gehiago dira euren jarduna uzten dutenak. Zenbait artisau kanpotik etorritakoak izango dira, bertan ez dagoelako. Harginak aurkitzeko, adibidez, Madrileraino joan behar izan dugu eta kosmetika arloan dabilena Errioxatik dator".

Zentzu horretan, gonbidapen garrantzitsua luzatu du Udalak: "Azokara gerturatu eta giroaz gozatzea oso polita da, baina garrantzitsua da, baita ere, baserritar eta ekoizleeei erosketa egitea. Haietako batzuk horretatik bizi dira eta beste askok hala nahiko lukete. Gure bultzada senti dezaten, egokia litzateke azoka egunean erosketatxoa egitea".

Aparkaleku eta trafiko arazoak saihesteko asmoz, autobus zerbitzua eskaini ohi du Zizurkilgo Udalak. 10:30etan hasita, doako autobus zerbitzua martxan izango da goizean zehar, herrigunera iritsi ahal izateko. Bi geldialdi egingo ditu Elbarrenan:  Bulandegi bideko errotondan eta Zubiaurretxon. Autobusa joan-etorrian ibiliko da goiz guztian zehar, 15:00ak arte. Zerbitzu hori erabiltzeko deia luzatu du Udalak.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!