Jokin Eizmendi, Gipuzkoako txapeldun Harri Handietan

Aiurri 2021ko aza. 21a, 10:09

Atzo arratsaldean jokatu zen, Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan, Gipuzkoako Harri Handien Txapelketa. Jokin Eizmendi, Aimar Galarraga, Jon Unanue eta Iñigo Eizagirre ziren lehian. Aimar Irigoyenek ez zuen gerturatzerik izan, lesio bat medio. Eizmendi izan zen garaile

Intxaur pilotalekua ikuslez bete zen atzo arratsaldean, Gipuzkoako Harri Handien Txapelketarekn gozatzeko.Lasto altxatze erakustaldia ere eskaini zuen Pello Argaia zizurkildarrak. Etorkizunean kirol berezi honetako txapelketa antolatzeko asmoa eta gogoa azaldu zuen Argaiak.

Lau harrijasotzailek neurtu zituzten indarrak. Lesio baten eraginez, Aimar Irigoyen ez zen aurkeztu txapelketara eta ondorioz, Jokin Eizmendik hartu zuen faborito papera. Txukun egin zituen bere lanak, eta txapela etxeratzea lortu zuen.

200 kiloko laukizuzena, 175eko zilindroa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bolari bi minutuko altxaldiak eman zizkioten. Jokin Eizmendik 5725 kilo altxa zituen guztira, txapela etxeratuz.

Bigarren posturako lehia estuagoa izan zen. Jon Unanuek hasiera ona eman zio txapelketari, baina azken bi harrietan aurrea hartu zion Iñigo Eizagirrek. Aimar Galarraga oriotarrak berriz ez zuen egunik onena izan, eta laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Giro ederra sortu zen pilotalekuan eta, garaiek agintzen dituzten neurri guztiak betez, gozatu polita hartu zuten gerturatu zirenek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!