Hemeretzi pintxo aurkeztu ziren lehiara. Argi geratu zen adunarrek badutela abilezia sukaldean, izan ere, epaimahaiko kideek pintxoen maila handia nabarmendu baitzuten. Udaletxeko arkupetan aritu zen lanean epaimahaia eta herrikideak, pilotalekuako aterpean edota plazako kioskoan babestu ziren euritik. Giro ederrean joan zen goiza, trikiti doinuen laguntzaz. Eguerdian banatu zituzten txapelketako sariak. Joseba Aburuza izan zen pintxorik onena aurkeztu zuena eta Javi Gozalo bigarren saritua. Bi opariren zozketa ere egin zuten ekitaldi berean.
Ondoren, Korrikaren aldeko taldeko argazki handia ateratzeko elkartu ziren herritarrak plazan. Trikiti doinuen laguntzaz abiatu ziren guztiak sagardotegi aldera. Jaiak ez zuen etenik izan eta erromeriarekin, dantzan amaitu zuten Korrika eguna. Egun gutxi barru, apirilaren 13ko goizaldean, Korrika egiteko aukera izango dute herritarrek.