Kudeaketa aurreratuan egindako lana aitortu diote Aiurri-Erroitzi

Aiurri 2024ko abe. 12a, 19:27

Jose Luis Diaz Euskaliteko presidenteak diploma eman zion Aiurriko Jon Ander Ubeda zuzendariari.

Kudeaketa Aurreratuaren Ereduan Aiurrik egindako lana saritu du Euskalit fundazioak, bart Bilboko Euskaldunan antolatu zuten ekitaldian.

Euskalit Eusko Jaurlaritzak sustaturiko fundazioa da, lehiakortasunean beharrezkoak diren hobekuntzak bilatzen erakundeak orientatzea helburu duena. Euskadirako propio garatu duen ereduan hainbat esparrutatik ekarritako kudeaketa-kontzeptuak bateratu ditu: ezagutzaren kudeaketa, erabateko kalitatea, bikaintasuna kudeaketa, berrikuntza eta enpresen erantzukizun soziala, besteak beste.

6 elementu nagusi oinarri dira xede honetan. Honatx, Euskaliten hitzetan jasotakoa:

  • Pertsonengan proiektu partekatu bati atxikita egotearen sentimendua sorraraztea.
  • Enpresa bezeroengana orientatzea, balio-ekarpen bereizgarria eginda.
  • Berrikuntza enpresaren esparru guztietan aplikatzea.
  • Gizartearekiko konpromisoa bultzatzea.
  • Epe luzerako ikuspegia sortzea, argiro zehaztutako estrategia baten bidez gauzatuko dena.
  • Interes-talde guztientzat gogobetegarriak izango diren emaitzak lortzea, modu iraunkor eta orekatuan.

Atzokoan Bilbon hainbat erakundek urrezko eta brontzezko sariak eskuratu zituzten. Horiez gain, 54 erakundek jaso zuten Kudeaketa Aurreratuari dagokion Diploma, EUSKALITen kanpo-kontrastea gainditu ostean. Horien artean dira Aiurri, TOKIKOM, Eta Kitto Eibarko euskara elkartea-hedabidea eta Irutxuloko Hitza hedabidea. Aurreko edizioetan diplomaren jabe egin dira ere TOKIKOMeko Guka, Goiena edota Ttipi Ttapa.

Ekitaldian Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza zabala egon zen. Zehazki, lau sailburu izan ziren bertan: Mikel Jauregi (Industria, Trantsizio energetikoa eta Jasangarritasuna), Nerea Melgosa (Ongizatea, Gazteria eta Erronka demografikoa), Begoña Pedrosa (Hezkuntza) eta Alberto Martinez (Osasuna). Haiekin batera agintarien mahaia osatu zuen Jose Luis Diaz Euskalit patronatuko presidenteak.

Argazkian, hainbat hedabidetako ordezlkariak (Eta Kitto, Aiaraldea, Irutxuloko Hitza eta Aiurri) , UEUko kideak eta formakuntzaren arduraduna izan den Aurkene Iturriotz aholkularia.

Aiurri-Erroitz erakundeak kudeaketa aurreratuan sakontzeko asmoa agertu du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!