Abian da Trans-Ernio pilota txapelketa

Atzo arratsaldean abiatu zen Txulobi elkarteak antolatzen duen Trans-Ernio pilota txapelketa. Benjamin, alebin, infantil eta kadete mailako eskuz binakako txapelketa da, Adunako pilotalekuan jokatzen dena eta pilotari gazte ugari herrira ekartzen duena.

Alebin mailan, Cestau eta E. Aburuza adunarrak Pascual eta Otaño hernaniarren aurka lehiatu ziren lehen partidan eta hernaniarrek irabazi zuten txapelketako lehen norgehiagoka 16-6 emaitzarekin. Alebin eta kadete mailako beste bi partida jokatu ziren jarraian.

Datorren larunbatean, uztailak 13, izango dira hurrengo partidak, goizeko 10:00etan hasita.

Uztailaren 20 eta 27an final-laurdenak jokatuko dira, 10:00etan. Final-erdiak abuztuaren 3an izango dira eta final handia, berriz, abuztuaren 10ean, larunbatarekin, arratsaldeko 17:00etan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!