Hilabete eskas falta da Adunako jaiak izateko. Zein izango da aurtengo berrikuntza nagusia?
Aurreko urtetako jaien eredu bera izango dute aurtengoek. Zenbait berrikuntza azpimarratuko nuke. Batetik, jaien aurreko asteburuan, Trans-Ernio txapelketaren ondoren, 60 urtetik gorakoen bazkaria egin izan da. Aurten, festen barruan txertatu da.
Nesken pala txapelketa ere bada aurten. Bilera batean luzatu zuten proposamena. Txapelketa antolatzeko prest zegoen jendea ere bazegoenez, aurrera egin genuen. Dagoeneko jokatzen ari dira.
Danborrada da hirugarren berrikuntza azpimarragarria. Abuztuaren 16ko gauean egingo dute danborrada, herrian barrena, lehendabiziko aldiz. Dagoeneko entseguetan murgilduta dabiltza. Horrez gain, Kukurruku pertsonaiaren sorrera ere berria izango da. Aurtengo txupinazoa, beraz, ezberdina izango da.
Zein izaten da Adunako jaietako egunik jendetsuena?
Aurten Gozategi taldea ekartzea lortu dugu eta ziurrenik horixe izango da jendetsuena. Tio Teronen semeak ere erakargarriak izaten dira. Bestalde, eta herritarrei dagokienez, azpimarratzekoa da kuadrilla egunean 250 pertsona inguru elkartzea, edo txekor jatean ehundik gora izatea. Oso egun politak izaten dira biak. Festarako gogoa duenak, Adunan giro ederra aurkituko du. Etor daitezela lasai.
Kuadrillatako kideei jaien antolaketan parte hartzeko deia luzatu zenieten aurten. Zer moduzko erantzuna izan duzue?
Jai batzordeko kideok jende gehiagoren iritzia jakin nahi genuen jaiak antolatzeko garaian. Gu hamabostero bildu gara eta kuadrillatako kideekin hilean behin, jaien berri ematen joateko. Positiboa izan da. Azken finean, herritarrentzat antolatzen dira festak eta garrantzitsua da haiek ere eginbeharren berri izatea eta parte sentitzea. Lanerako borondatea badagoela ikusi dugu, eta gustura gaude.