Gailurrean Kultur Astea, punta-puntako hitzorduz beteta dator

Ainhoa Arozena 2019ko aza. 8a, 17:39
Adunako Kultur Astearen baitan 2016. urtean eginiko barrikotea.

Datorren astelehenean, azaroak 11, ekingo zaio Adunako Kultur Asteari. Gailurrean izena eman diote eta punta-puntako hitzorduz beteta dator. Egunez egun, aste osoan zehar antolatu dituzte ekintzak; hitzaldi, solasaldi nahiz kultur emanaldi ugari… Adin eta gustu guztietako Adunako nahiz kanpoko herritarrei zuzenduta, egitarau zabal eta mardula osatu dute antolatzaileek. Saiakera handia egin dute Kultur Aste borobila prestatzen eta bertara gerturatzeko gonbidapena luzatzen diote herritar orori.

Besteak beste, kirol, kultura nahiz politika mailan oso ezagunak diren pertsonak hizlari arituko dira Adunako elizan, Kultur Astearen baitan; hala nola, Felipe Uriarte eta Edurne Pasaban, Ramon Olasagastiren gidaritzapean, azaroaren 11n. Juan Jose Ibarretxe, Agirre Lehendakaria Center ikaskuntza zentroko zuzendaria eta Lehendakari ohia, azaroaren 12an. Nadeth Agirre, Nahikari Garcia eta Mikel Iturria kirolariak, berriz, azaroaren 13an.
Ikuskizunen artean, Telmo Esnalen ‘Dantza’ filma eskainiko da, azaroaren 14an elizan. Ondoren Juan Antonio Urbeltz eta Jexux Larrearekin filmaren inguruko solasaldia egingo da.
Biharamunean, azaroaren 15ean, magiaz gozatzeko aukera izango da Asier Kidam Magic-en ‘Aroa eta mirariak’ saioarekin.

Larunbata ekintzaz blai
Magiaz gain, pailazo-ikuskizunak ere izango du tarterik. Azaroaren 16an, larunbatarekin, familia osoari zuzenduta, Ekain-Txou emanaldia eskainiko du Ekain Ibarguren pailazoak 18:30ean elizan. Iluntzeko 20:30ean, pintxo afari-meriendaren txanda iritsiko da. Eusko Label produktuak eta nazioarteko nahiz herriko sagardo dastaketa izango dira pilotalekuan. Sagardo dastaketa berezia izango da, herrikoak ez ezik, Frantzia, Ameriketako Estatu Batuak eta Kanadako izotz sagardoa dastatu ahal izango baita bertan. Sabelak beteta, Marianitoz Blai taldearekin dantzan aritzeko aukera izango da segidan pilotalekuan.

Bizilagunak eguna
Eta Kultur Astearekin amaitzeko, Bizilagunak eguna ospatuko da Adunan ere azaroaren 17an, SOS Arrazakeria taldeak Euskal Herri osoan antolatzen duen ekimenarekin bat eginda. Kanpoko lurraldeetatik etorritako bost familiak Adunako bost familien etxeetan bazkaldu eta bizipen ezberdinak partekatuko dituzte. Igandean, beraz, 13:30ean harrera egingo zaie familia horiei. Arratsaldean Joxe Mendizabalekin erromeria izango da pilotalekuan eta barruak goxatuz, txokolate beroa ere banatuko da, Kultur Asteari amaiera eman aurretik.

Jarraian, egunez egun, Adunako Kultur Astearen egitaraua:

Azaroak 11, astelehena
19:00 Solasaldia: '40/10: Herri baten mendi taupadak', elizan.
Mendizaleak: Felipe Uriarte eta Edurne Pasaban.
Bideratzailea: Ramon Olasagasti.
*40 urte bete dira Felipe Uriartek Everesteko gailurra zapaldu zuenetik. 10 urte, Edurne Pasabanek hamalau zortzimilakoak egin zituenetik.

Azaroak 12, asteartea
19:00 Hitzaldia: ‘Kultura da gakoa’, elizan.
Hizlaria: Juan Jose Ibarretxe, Agirre Lehendakaria Center ikaskuntza zentroko zuzendaria eta Lehendakari ohia.
*Besteak beste, Gipuzkoa eta Euskal Herriak munduan duten kokapenari buruz mintzatuko da.

Azaroak 13, asteazkena
19:00 Solasaldia: ‘Kirolari handia izatea nuen amets eta...’, elizan.
Hizlariak: Nadeth Agirre (Orioko patroia), Nahikari Garcia (Realeko jokalaria), Mikel Iturria (Murias taldeko txirrindularia). Euren bizipenen inguruan arituko dira.

Azaroak 14, osteguna
19:00 Zine emanaldia: Telmo Esnalen 'Dantza’ (2018), elizan
Ondoren, Juan Antonio Urbeltz eta Jexux Larrearekin solasaldia, elizan.

Azaroak 15, ostirala
21:30 Magia ikuskizuna: Asier Kidam Magic-en 'Aroa eta mirariak', elizan.

Azaroak 16, larunbata
18:30  Ekain-Txou, familia osoari zuzendutako pailazo-ikuskizuna, elizan.
20:30 Pintxo afari-merienda: Eusko Label produktuak eta nazioarteko nahiz herriko sagardo dastaketa, pilotalekuan. Txartelak salgai bertan.
22:00 Musika emanaldia: Marianitoz Blai taldea, pilotalekuan.

Azaroak 17, igandea
Bizilagunak eguna
13:30
Familiei harrera, plazan
17:30 Erromeria: Joxe Mendizabal, pilotalekuan.
18:00 Txokolate beroa, plazan.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!