Ibarretxe Lehendakari ohiak hitzaldia eskainiko du gaur

Aiurri 2019ko aza. 12a, 09:59

Adunan arituko da gaur Juan Jose Ibarretxe.

"Kultura da gakoa" izenburupean arituko da gaur iluntzean Juan Jose Ibarretxe Lehendakari ohia. Iluntzeko 19:00etan hasiko da hitzaldia, Adunako elizan.

Agirre Lehendakaria Center, gizarte eta politika ikerketarako taldeko buru da, egun, Juan Jose Ibarretxe. Kulturak eta nortasunak herrigintzan duen garrantziaz arituko da Adunan.

Izenburu berarekin 2015ean Bilbon eskainitako hitzaldian azpimarratu zuenez, "Euskal Herriak bere erantzunak kulturan eta nortasunean oinarritu ez dituenean, politikoki menpekoak eta ekonomikoki azpigaratuak izan gara".

“Euskal Herria ikusteko munduari begiratzea” proposatzen du Ibarretxek, eta, horretarako, norbere kultura eta nortasuna kontuan hartu behar direla azpimarratzen du. Ikerkuntza, garapena eta berrikuntza beharrezkoa direla baieztatzen du, baina formula horri kultura ere gehitzea proposatzen du Ibarretxek:  “Kultura aintzat hartzen ez badugu, formulak ez du funtzionatuko, ez delako osorik egongo”.

Bere jarduna gertutik entzuteko aukera izango da gaur eskualdean; Adunako elizan eskainiko baitu hitzaldia, 19:00etan hasita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!