Adunako Kultur Astea 2019

Juan Jose Ibarretxek hitzaldia eskaini zuen Adunan

Aiurri 2019ko aza. 13a, 10:46

Indartsu hasi da Adunako Kultur Astea. Edurne Pasaban eta Felipe Uriarteren hitzaldiak eman zion hasiera astelehenean eta atzo, Juan Jose Ibarretxe Lehendakari ohia izan zen protagonista. Kulturaren garrantzia eta txikitik eragitearen premia izan zituen hizpide, besteak beste.

Arratsaldeko 19:00etan hasi zen Juan Jose Ibarretxeren hitzaldia. Jende asko bildu zen Agirre Lehendakaria Centerreko buru denaren saioa entzuteko.

Josu Amilibia Adunako alkateak egin zituen aurkezpen lanak eta ondoren, Lehendakari ohiak hartu zuen hitza. Mundu berria, garapena, ekonomia, kultura..., gai ezberdinak izan zituen hizpide ordu eta erdiko saioan. Ordubete inguru iraun zuen hitzaldiak, eta tarte zabala eskaini zien, ondoren, galdera-erantzunei.

Esaldi borobilak utzi zituen Ibarretxek: "Gu ez gaude munduko plazan, kokatu egin behar dugu gure kultura, gure hizkuntza, munduko plazan. Hala gaudela uste dugu, baina ez gaude. Inork ere ez gaitu begiratzen eta lan egin behar dugu horren alde". Agendan egoteko, mugimendu sozial eta politikoek duten garrantzia azpimarratu zuen: "Euskaldunontzat ikasketarik handiena, gauzak elkarrekin egitea da, bestela jai daukagu. Gizarte zibila eta erakundeak, dira trena osatzen duten bi bagoiak. Bagoi bakoitza bere aldetik joaten bada ez dugu inoiz trenik izango, jai daukagu".

Gure Esku Dago ekimena ere aipatu zuen: "Elkarrekin haserretuta ibili izan gara euskaldunak eta Gure Esku Dagok osatutako kate harekin ikasketa handia jaso genuen, elkarri eskua emanda. Energia galtzen ari gara ez bagara elkartzen. Ez dugu gure herria mapan jarriko ez bagara elkartzen".

Ikerketa, garapena, berrikuntza eta kultura jartzen ditu Ibarretxek aurrera egiteko formularen aldagai gisa. "Kultura da formula horren gakoa, ezberdintzen gaituena".

Irakurtzeko eta gertatzen dena ulertzeko dugun gaitasunaren inguruan ere aritu zen Lehendakari ohia: "Ikuspegi kritikoa behar dugu. Gazteek ez dute irakurtzen. Sare sozialak ditugu, baina horiek badituzte gauza onak eta txarrak". Fake news edo albiste faltsuak hartu zituen ahoan. "Horiek ezberdintzen jakitea da gakoa, eta gauzak ezberdintzeko gakoa hezkuntza sistema da. Gaitasun kritiko hori baduzu, bestalde, sare sozialek erraztu egiten dute informazioa  eta iritzi ezberdinak jasotzeko aukera".

Entzuleek egindako galderei erantzunez eman zuen amaitutzat bere hitzaldia Juan Jose Ibarretxek. Udalak egindako oparia eta entzuleen txalo zaparrada jasota agurtu zen Lehendakari ohia.

Gaur arratsaldean, hiru kirolari handi gerturatuko dira Adunako Kultur Astera. Nadeth Agirrek (Orioko patroia), Nahikari Garciak (Realeko futbolaria) eta Mikel Iturriak (Murias taldeko txirrindularia) solasaldia eskainiko dute, "Kirolari handia izatea nuen amets eta..." izenburupean.

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!